Arkamurkak bat egin du 'U30 Aldaketaldia' ekimenarekin

Maria Maya Manterola 2021ko urt. 27a, 17:00

Ingurumen larrialdia ikusarazteko ekintzak antolatu ditu larunbaterako Larreko Mahaiak, eta hainbat eragilek babestu dute ekimena, tartean, Zarauzko Arkamurka Natura Elkarteak. Iñurritzan plastiko bilketa egingo dute datorren larunbatean.

Larreko Mahaiak sustatuta, klima, bioaniztasun eta ingurumen larrialdia salatzeko ekintzak izango dira urtarrilaren 30ean, etzi. U30 Aldaketaldia izenburupean, ahal den herri, auzo, ikastetxe eta lan zentro guztietan ekintzak egitea proposatu dute, betiere ikuspegi lokaletik. Gipuzkoako hogei herri baino gehiagotan izango dira ekimenak larunbatean.

Zarautzen, esaterako, Iñurritzako biotopoa garbitzeko plastiko bilketa antolatu du Arkamurka Natura Elkarteak, eta berriki azaldu duenez, U30 Aldaketaldia ekimenarekin lotuko dute egitaraua. Izan ere, Arkamurka da Larreko Mahaiak martxan jarritako dinamikari babesa adierazi dion eragileetako bat.

Zarauzkoaz gain, larrialdi ekologikoari lotutako salaketa eta aldarrikapen ekintza ugari izango da asteburuan. Hitzaldiak, elkarretaratzeak, bizikleta martxak, zabor bilketak edota zuhaitz landaketak antolatu ditu Larreko Mahaiak tokiko eragileekin elkarlanean.

Eskualdean, Azkoitian, Orion, Zestoan eta Zumaian ere izango dira ekimenak: Azkoitian etzi 10:00etan Beilatokian elkartuko dira garbiketa egiteko, eta otsailaren 1etik 5era ibaira isuritako zaborraren inguruko erakusketa izango da, Urola Bizirik taldearekin elkarlanean antolatuta. Orion, berriz, erraustegiaren aurkako protesta egingo dute etzi, 11:30ean hondartza gaineko talaian. Irriparra Berreskuratuk eta Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak sustatu dute mobilizazioa. Mendi, erreka edota naturguneak garbitzeko deia egin dute, bestetik, Zestoan: zaborra jasotzen argazkia ateratzera info@danbolin.eus helbidera bidaltzera animatu nahi dituzte herritarrak. Zumaian, 13:00etan bat egingo dute Itzurun hondartzan, ingurumen larrialdia ikusarazteko. Zumaiako Natur Taldeak ere bat egin du deialdiarekin.

Zaldibar gogoan

Gainera, gogoratu nahi izan dute otsailaren 6an Zaldibarko zabortegia erori zeneko urteurrena izango dela, eta U30 Aldaketaldia ekimena baliatu nahi dute gertaturikoa gizarteratzeko. “Zaldibarkoan argi geratu da Euskal Herrian, ingurumen alorrean, gauzak ez direla ondo egin eta ez direla ondo egiten ari”, gaineratu dute.

Aldaketa sakona

Antolatzaileen hitzetan, beharrezkoa da “norabide aldaketa sakona”, agintari politikoek pandemiaren aitzakian “eredu ekonomiko eta sozial jasanezinean sakondu” eta “larrialdi egoera areagotzen jarraitzen ari diren honetan”. Horretarako, ezinbestekotzat jo dute gizartea aktibatu eta saretzea: “Argi dugu bizitzaren aldeko norabide-aldaketa hori ez dela gauzatuko horren alde egiten duen euskal gizarte aktibo eta saretua ez badugu”.

“Globalean pentsatu eta lokalean ekin” leloak adierazi bezala, garraio, hondakin, bioaniztasun, lurralde antolaketa edota ibaien saneamendu politiketan krisi globala “hemen, gurean” hasten dela bistaratzea beharrezkoa da, Larreko Mahaiaren arabera. Ingurumen larrialdiari eraginkortasunez aurre egiteko, lokala eta globala uztartzeko ekimena izatea nahi dute antolatzaileek.

Arkamurkaz gain, honako eragileek ere egin dute bat Larreko Mahaia eragileak sustatutako ekimenarekin: ELA, LAB, CCOO, ESK, STEILAS, EHNE, Ikasle Sindikatua, Greenpeace, Eguzki, Errausketaren Aurkako Mugimendua, GuraSOS, Ernai, Fridays For Future, Extinction Rebelion, Haritzalde, Satorralaia, Uliako Lore Baratzak, Aire Garbia, Ipar Haizea, Landarlan, Ekologistak Martxan, AHTrik EZ, Grupo Oarso Taldea, Urola Bizirik, Mutriku Natur Taldea, Antikapitalistak, BizilagunEKIN, Ondarroa 12 Mila, Naturkon, Zumaiako Natur Taldea eta beste batzuk.