Historia agerian jartzen duten harriak

Mireia Galarza-Amaia Urbieta Arruti 2021ko urt. 28a, 09:00

Jendearen arreta piztu dute Salberdingo obretan pilatuta dauden harri handiek. Zarautz eta haren ingurua duela milaka urte nolakoak ziren irudikatzen laguntzen dute halako agerpenek. 

Lurpetik ateratako materialarekin egindako muinoz josita dago azken boladan Salberdin ingurua. Gunea urbanizatzeko lanak martxan direnetik hazten ari da material pilatua, baina bada jendeari atentzioa eman dion mendixka berezi bat: Santa Klaratik gertuen dagoena, hain zuzen; itsasbazterretik ateratako harriak diruditen mordoa dago pila horretan. 

Mendixkaren parean jarri du hitzordua HITZAk gaian aditu den Bixente Iribar EHUko geologoarekin, eta hark argitu du harribolak direla harri deigarri horiek. Kasu honetan, ez du zalantzan jarri itsasbazterreko harriak direla orain agerian daudenak. «Edozein joaten bada Getaria aldera, hor ikusiko ditu paseotik horrelako harribolak, tamaina berdintsukoak. Horrela jakin dezakegu harribola horiek hor bertan sortzen direla». Argitu du, baita ere, nola hartzen duten halako forma bitxia harriek. Denboralea dagoenean, itsasbazterreko harriak mugitu egiten dira olatuen indarrarekin, eta elkarren aurka higatzearen ondorioz hartzen dute forma birobil eta leuna. 

Ez hori bakarrik, ordea. Harri horiek alboan labarra duten itsasertzetan sortzen direla ere zehaztu du Iribarrek. «Hemen harribolak badaude, baina itsasorik ez da ikusten, ezta labarra ere». Horri azalpena emateko, urte asko egin behar da atzera. Izan ere, inguru horretan labarra egon badagoela argitu du Iribarrek: «Haitzak egon behar du, eta hor bertan dago. Lautadatik joan ezkero, Azken Portura igotzeko aldapatxoa dago. Aldapa hori arroka da sakonera handian». Gaineratu du, Salberdingo lanen barruan, toki zehatz batean atera direla harri horiek, eta ez inguruko indusketetan.

Milaka urte atzera

Noizean behin azalera ateratzen diren halako bitxikeriek bide ematen dute jakin ahal izateko Zarautz osatzen duten eraikin eta errepideen azpian zer dagoen. Iribarren arabera, «bi zulo» egongo lirateke Zarautzen azpian: «Bat Azken Portutik Santa Barbara aldera, eta Salberdindik ekialdera beste bat». Bestalde, harri horiek erakusten dute arroka ere badagoela Zarauzpean.

Harri horiek izan ditzaketen urteez galdetuta, azaldu du Iribarrek kontuan hartu behar dela duela 18.000 urte itsas maila orain baino 100 metro baxuago zegoela. Hori horrela, ondorioztatu du harri horien adina izan daitekeela 15.000 urteren eta 40.000ren artekoa.

Zenbaitek uste duenaren kontrara, Iribarrek azaldu du harribola horiek ez dutela milaka urte behar sortzeko. «Fijatu ezkero Getariarako bidean, ikusten dira hormigoizko blokeak, duela urte batzuk botatakoak, guztiz borobilduta. Nahikoa dira olatu batzuk eta urte batzuk horrelako harriak sortzeko».

Geologoak baliotsutzat jotzen du, ordea, harri horiek agerian geratzea. «Ez da egunero aurkitzen den kontua. Hemen lurpeko aparkaleku asko egin dira eta ez dira guztietan agertu horrelakoak. Lokatza eta hondarra bai, baina horrelako harriak bi toki berezitan baino ez dira atera».

Bigarren toki berezia, hain zuzen, Lege Zaharren Enparantza da. Han azpian dagoen aparkalekua egitean ere agerian geratu ziren azpiko harribolak. Iribarrek gaineratu du harribola horiek badutela bere balioa dekoraziorako-eta. «Ez dakit zer egingo duten hemengo hauekin. Biribilguneetarako-eta erabiltzen dituzte, baina hemen rotonda askotarako harria dago, beraz, ez dakit non bukatuko duten.

 

Lege Zaharren Enparantzan ere topatu zituzten gisa horretako harriak. (Utzitakoa)