Elmyr de Hory margolariari eskainiko diote biharko Gela saioa

Dorleta Agiriano Lai 2021ko urt. 28a, 16:00

(artedemadrid.wordpress.com)

Ostiralero bezala, 18:00etan izango da kultur hedapenerako saioa, Photomuseumen. Hoffmann Elemér Elmyr de Hory artista hungariarraren lanak aztertuko dituzte.

Kultur hedapenerako Gela programak jakinarazi ditu jada aste honetako saioaren nondik norakoak: Hoffmann Elemér Elmyr de Hory (Budapest, 1906 - Eivissa, 1976) margolari hungariarra izango da protagonista. Artista ezaguna da hainbat margolari ospetsuren estiloak imitatzeagatik eta, gero, faltsifikazio horiek saltzeagatik.

Hainbat iturriren arabera, faltsututako 1.000 lan baino gehiago saldu zituen Europan. Esaterako, bereziki nabarmendu izan den pasarte bat da Elemér Parisen bizi izan zuena: "bere lagun batek bere marrazki bat Picassoren batekin nahastu eta erosi zuen", Gela programaren arduradunen esanetan.

Parisko Fernand Legerren Académie la Grande Chaumiere-en egin zituen ikasketak Elmyr de Hory-k, baina Alemaniara eraman zuten Bigarren Mundu Gerran. "Kontzentrazio-esparru batean preso egon zen homosexuala eta judua izateagatik. Ihes egitea lortu zuen, Gestapok galdeketa egin eta hanka apurtuta zuelako ospitale batera eraman zutenean", azaldu dute Gela saioaren antolatzaileek. Budapesten, Parisen nahis Eivissan izan zen gero, eta "bere lanak egiten jarraitu zuen".

Bihar, urtarrilak 29, Elemérren lanak eta bizitza aztertuko dituzte Photomuseumen, 18:00etan hasita. Ohi bezala, doakoa izango da sarrera.