Eraztun Berde Urdina "hobetzeko" hainbat lan egin dituzte

Dorleta Agiriano Lai 2021ko urt. 29a, 10:00
(Zarauzko Udala)

Seinale berriak jarri dituzte Talaimendi bidean, eta Buztinzuriko Haltzadia berreskuratzeko lanak amaitu dituzte. Bestalde, ume txikientzako eremu bat egokitu dute Vista Alegreko parkean.

Eraztun Berde Urdina "hobetzeko" asmoz, Zarauzko Udalak hainbat lan izan ditu martxan. Gloria Vazquez Agenda 21 eta Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, batetik, seinaleztapen berria jarri dute Talaimendi bidean: "Herritarrek aspaldi egindako eskaerari erantzuteko, Talaimendiko herri bidea ireki da eta seinale berriak ipini dira".

Bestetik, bukatu dituzte Buztinzuriko haltzadia berreskuratzeko lanak ere. Hala, gaur egun, haltzadi barrutik igarotzen da Eraztun Berde Urdinaren ibilbidea eta, Vazquezen arabera, "barruan ikus daiteke egindakoa". "Bidea egokitu da, informazio-mahaia ipini da eta mendiko urak bideratzeko egitura osatu da", gaineratu du. Eremu horretan aurreikusitako lan guztiak ez dituzte gauzatu, dena den: "Leku ospela denez, lokaztu egiten da eta, beraz, datozen asteetan hobetuko da pasabidea".

Vista Alegreko parkean ere izan dira aldaketak. Hain zuzen, ume txikientzako zona bat egokitu dute, "adin guztientzako moduko aisialdiaz gozatzeko aukera eskaintzeko", zinegotziaren esanetan.

Ekarpenak

Agenda 21 Sailak sustatutako proiektua da Eraztun Berde Urdina, eta Zarautz inguratzen duen 11,7 kilometroko ibilbide batek osatzen du. Hiru ordu eta erdi inguruko ibilbidea da. Udalak gogorarazi du "egitasmoa hobetzeko ekarpenak" egin ditzaketela zarauztarrek, eraztunberdeurdina.eus web-orrialdearen bidez edo 943 00 51 59 telefono zenbakira deituta.