Mikel Bereziartua: "Behin baino gehiagotan esan didate motoen Argiñano naizela"

Aitziber Arzallus/Gipuzkoako Hitza 2021ko urt. 29a, 12:00

Semea entretenitzeko bideoak egiten hasi zen Bereziartua, eta, gaur egun, Youtuben 500.000 jarraitzailetik gora ditu zarauztartutako lasartearrak. Era guztietako trasteak desegitea eta muntatzea gustatzen zaio, baina motoak dira haren zaletasunik handiena.

Mikel Bereziartuak (Lasarte-Oria, 1975) umetatik izan du interesa gauzek nola funtzionatzen duten jakiteko, eta bere kabuz ikasi du mekanikaz dakien guztia. Youtuben dituen bi kanalen bidez, gazte jendeari dakien hori irakasten saiatzen da.

Lanbidez, garraiolaria zara.

Bai, mandatugilea naiz, eta furgonetarekin ibiltzen naiz Zarautz eta Donostia artean, joan-etorrian; egunean bi buelta egiten ditut.

Eta autoak eta motoak gustatzen zaizkizu.

Era guztietako trasteak gustatzen zaizkit, eta batez ere gustatzen zait horiekin saltseatzea, desegitea eta muntatzea. Txikitan, jostailuekin hasi nintzen; gero, bizikletarekin; geroago, motoarekin; egin izan ditut etxeko erreformak ere… Harrapatzen dudan guztia. Baina bai, gehienbat motoak eta abiadura gustatzen zaizkit, eta, bereziki, moto zaharrak.

Garajean bilduma polita omen daukazu…

Oraintxe bertan, bi auto eta dozena bat moto dauzkat. Familian ibiltzeko, BMW X5 bat daukagu, eta gero, kapritxo gisa ekarritako BMW M3 bat. Baina izan ditut Renault 5 Turbo bat, Ford Capri bat, Volkswagen Escarabajo bat… Beti era horretako ibilgailuak. Eta, horiez gain, motoak. Erdiak-edo egongo dira osatzeko, piezen faltan, 20-30 urtean geldirik egondakoak… Pixkanaka-pixkanaka, konpondu egin behar dira, eta egiten dudana da berritze prozesu hori bideoetan jaso.

Nolatan hasi zinen bideoak egiten?

Betidanik gustatu izan zait jendeari erakustea gauzak nola egiten diren. Facebook martxan jarri zutenean, 2006an-edo, horretarako aukera polita ikusi nuen, eta hasi nintzen nik egiten nituen konponketen argazkiak han jartzen. Ikusten nuen alemaniarrek-eta nire edukia partekatzen zutela taldeetan. Nahikoa moto bereziak dauzkat, eta horregatik izango da, agian.

Ez zara mekanikaria; nola ikasi duzu dakizun guztia?

Txikitatik izan dut gauzekiko jakin-min handia. Gure etxean bazen Como funciona izeneko entziklopedia bat, eta hura goitik behera ikasi nuen: trenak, lokomotorrak, argindarra nola sortzen zen… Eta neure esperimentuak egiten hasi nintzen. 10 urterekin etxeko entxufeak aldatu nituen, eta, beste behin, irrati kontrol bidezko auto batekin eta josteko txirrikekin-eta, logelako atea urrutiko kontrol bidez irekitzen eta ixten zela jarri nuen.

Eta nolatan hasten da garraiolari bat Youtuben bideoak jartzen?

Bideoak grabatzeko aukera ematen zuten sakelako telefonoak atera zituztenean hasi nintzen; duela hamar bat urte izango zen. Bideo haiek ez ziren minutu erditik pasatzen, telefono haiei berehala betetzen zitzaielako barne memoria. Gauza bitxiak igotzen nituen. Aurreneko bideoa moto batekin egin nuen: kulata kendu nion eta martxan jarri nuen, zilindro bat gabe. Motoa piztuta ikusten zen, abian, eta kulatarik gabe. Ikaragarria iruditu zitzaidan, eta pentsatu nuen: “Hau erakutsi beharra daukat; jarri egin behar dut bideoa”. Horrela hasi nuen Youtubeko abentura.

Geroxeago, seme txikia entretenitzeko bideoak grabatzen hasi nintzen etxean. Askotan, joaten ginen norabait bazkaltzera-edo, eta bazkalondoan aspertu egiten zen. Horri erremedioa jartze aldera hasi nintzen bideoak grabatzen etxean, bere jostailuekin jolasean ari ginen bitartean. Gero, norabait joan eta aspertzen zenean, bideo horiek jartzen nizkion, eta gustura egoten zen. Bideoak telefonoan izaten nituenez, ez nuen Interneteko daturik gastatzen, orain dela zortzi urte gauza preziatuak baitziren.

Bideo haiek Youtuben jartzea pentsatu nuen, beste batzuentzat ere baliagarri izan zitezkeelakoan, eta sekulako arrakasta izan zuten. Milaka eta milaka jarraitzaile lortu nituen, eta jostailuekin egindako bideo horietako batzuek hamabost milioi ikustalditik gora dituzte.

Irakurri elkarrizketa osorik, Gipuzkoako Hitzaren atarian.