Gora egin dute baieztatutako kasuek Zarautzen: bederatzi izan ziren atzo

Juan Luis Romatet-Dorleta Agiriano Lai 2021ko urt. 29a, 13:34

Beste bederatzi positiboren berri eman du Osakidetzak Zarautzen. 32 kasu izan dira herrian azken zazpi egunetan, aurreko zazpi egunetan baino bi gehiago. Atzoko probetako emaitzekin gora egin du kasu metatuen tasak, eta 265,56koa da gaurkoz.

Osteguneko datuak eman berri ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta gaurkoan albisteak ez dira hain pozgarriak Zarautzen. Aste honetan erregistratu den kopururik altuena izan zen atzokoan: COVID-19a atzemateko atzo egindako probetan, bederatzi lagunek eman zuten positibo. Hala, une honetan, 300eko langatik gertuago dago kasu metatuen tasa: 265,56koa da azken datuak kontuan hartuta.

Zarautzen 32 kasu berri detektatu dituzte azken zazpi egunetan –urtarrilaren 22tik 28ra–; hain zuzen, zazpi aurreko ostiralean, bost aurreko larunbatean, hiru aurreko igandean, bi astelehenean, hiru asteartean, hiru asteazkenean, eta bederatzi atzo. Aurreko zazpi egunetan –urtarrilaren 15etik 21era– 30 positibo izan ziren, bi gutxiago, beraz. Gaurko intzidentzia tasa aurreko ostiralekoa baino altuagoa da, 218,44koa baitzen duela astebete. Dena den, orain ere eremu horian dago Zarautz.

51 kasu eskualdean

Egoera zaila da eskualdeko herri batzuetan. 51 kasu izan ziren atzo eskualdean, eta Zarautzez gain, Azpeitian eta Orion izan ziren kasu gehien.

Beste hamabost positibo zenbatu zituzten atzo Azpeitian –110 positibo izan dituzte herrian zazpi eguneko epean–, eta 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasak milatik gora jarraitzen du: 1.254,93ko tasa zuen atzo Azpeitiak, bezperan baino 72 puntu gehiago.

Milatik gorako tasarekin jarraitzen duen beste herria Orio da. Atzo beste 11 kasu izan zituzten herrian, eta hemen ere etengabe doa gorantz kasu metatuen tasa. 1.304ko tasa zuen atzo kostaldeko herri honek, bezperan baino 114 puntu handiagoa.

Oraindik ere itxita jarraituko duen herria Zestoa da. Atzo beste hiru positibo izan zituzten, eta kasu metatuen tasa 1.206,99koa dute. Aian ere gora egin dute kasuek: atzo beste bost positibo izan zituzten. Azkoitian, berriz, zazpi kasu izan zituzten, eta eremu laranjan jarraitzen du 442,29ko tasarekin. 

Eremu gorritik atera den herria Zumaia da. Atzo ez zuten kasurik detektatu, eta intzidentzia tasa 437,57ra jaitsi da. Kontuan hartu behar da orain bi aste 926ko tasa zuela herri honek. Eremu laranjara pasa da, baina oraindik ere datorren astera arte egon beharko dute zain neurri batzuk arintzeko: ostalaritzaren irekiera, adibidez, datorren asteleheneko datuen arabera erabakiko da. Zumaiarekin batera, atzo kasurik izan ez zituzten herriak Aizarnazabal, Beizama eta Errezil dira. Getarian, berriz, kasu bat izan zuten. 

Kezka Hego Euskal Herrian

Izurriteak ez du etenik, eta Hego Euskal Herrian berriro ere milatik gorako langa pasatu zen atzo: 1.511 positibo eman ziren atzo Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 17.285 proba egin zituzten atzo, eta 1.264k eman zuten positibo, %7,3ko positibotasun tasarekin. Araban 178 kasu izan ziren, Bizkaian 714 eta Gipuzkoan 357; hiru lurralde hauetatik kanpoko beste hamabost lagunek ere positibo eman zuten atzo.

Ospitaleratuei dagokionez, atzo beste 86 lagun ingresatu zituzten Osakidetzako erietxeetan COVID-19ak eragindako gaixotasunekin. Gorantz egin du berriro ere ZIUetan ingresatutakoen kopuruak: 140 lagun zeuden atzo unitate hauetan, bezperan baino hiru gehiago.

Nafarroan, berriz, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera, 247 positibo izan ziren. Bezperan baino hamazazpi kasu gehiago dira, baina duela zazpi egun baino 58 gutxiago.