Entrenamendu funtzionala probatzeko doako saioak izango dira Aritzbatalden

Dorleta Agiriano Lai 2021ko urt. 30a, 17:00

"Gorputza indartzea eta errendimendua hobetzea" da entrenamendu funtzionalaren helburu nagusia, eta udal kiroldegian otsailetik aurrera izango da martxan ikastaroa. Doako hainbat saio antolatu dituzte datozen egunetarako.

Otsailean eskaintza zabalduko dute Aritzbatalde kiroldegian eta, besteak beste, entrenamendu funtzionala lantzeko saioei ekingo diete. Astelehenetan, astearteetan eta ostegunetan izango dira saioak, 07:00etan astelehenetan eta ostegunetan, eta 17:00etan astearteetan.

"Material ezberdinak erabiliz (kettlebell-ak, halterak, bosuak edota foam-ak), gorputza indartzea eta errendimendua hobetzea" da ikastaroaren helburu nagusia. Jakinmina dutenentzat doako saioak izango dira Aritzbatalden, ondoko egunetan:

  • Otsailaren 4an, otsailaren 8an eta otsailaren 11n, 07:00etan.
  • Otsailaren 2an eta otsailaren 9an, 17:00etan.

Doako saioetan parte hartzeko asmoa dutenek izena eman beharko dute kiroldegiko harreran, eta txartel bat emango diete han. Dena den, informazio gehiago behar dutenek 943 00 51 23 telefono zenbakira deitzeko aukera dute, edo kirola@zarautz.eus helbidera mezu bat bidal dezakete, bestela.