1.286 positibo berri azken orduetan Hego Euskal Herrian

Dorleta Agiriano Lai 2021ko urt. 30a, 13:46

COVID-19a hautemateko 17.555 proba egin zituzten atzo Hego Euskal Herrian, eta 1.286 emaitza positibo izan ziren. Positibotasun tasa antzeko mantentzen da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina behera egin du Nafarroan.

Atzo 17.555 PCR eta antigeno proba egin zituzten Hego Euskal Herrian eta, guztira, 1.286 kasu positibo zenbatu zituzten. Herri bakoitzari dagokion daturik eman ez badute ere, atzo lurralde historiko bakoitzean baieztatutako positiboen berri eman dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 14.057 test diagnostiko egin zituzten, eta 1.090 emaitza positibo izan ziren: 161 Araban, 608 Bizkaian, 301 Gipuzkoan eta 20 beste erkidego edo leku batzuetan. Nafarroan, aldiz, 196 kasu berri atzeman zituzten atzo. Herenegungo datuekin alderatuta, positibotasun tasa antzeko mantentzen da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (%7,3). Nafarroan tasak behera egin du ordea, eta %5,6koa da gaurkoz.

Aurreko larunbatean, urtarrilaren 23an, positibo gehiago detektatu zituzten Hego Euskal Herrian: 1.403 kasu izan ziren orduan, eta %8ko positibotasun tasa erregistratu zuten.

Osakidetzaren arabera, COVID-19aren ondorioz 88 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bestalde, koronabirusak jota dauden 151 pertsona ari dira ZIUn zaintzen.