1.047 positibo eta 29 hildako, hamaika hilabetetan

Julene Frantzesena 2021ko ots. 1a, 11:59

Laster beteko da urtebete COVID-19aren pandemia Euskal Herrira, eta nola ez, Zarautzera iritsi zenetik. Zarautzen, guztira, 1.047 kasu positibo zenbatu ditu Osakidetzak hilabete guztiotan, eta kutsatutako pertsona horietatik 29 hil dira.

Ia urtebete da COVID-19aren pandemiak Euskal Herria jo zuenetik. Martxoan hasi ziren lehen kasuak agertzen Urola Kostan ere, eta orduz geroztik, ez du etenik izan positiboen kopuruak. Hainbat agerraldi izan dira hilabete guztiotan tokian-tokian, eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak koronabirus kasuak atzemateko hainbat baheketa selektibo eta proba masibo egin ditu.

Hasierako hilabeteetan Osakidetzak ez zituen herriz herriko datuak ematen, baina badira dagoeneko hilabete batzuk egunero datuak kaleratzen dituela. Dena den, egunez egun ez du zehazten COVID-19a atzemateko zenbat PCR eta antigeno proba egiten dituen herri bakoitzean. Beraz, datuak emanagatik, ez dago jakiterik zein den herri bakoitzeko positibotasun tasa.

Kutsatuen eta hildakoen kopuruak bai, horiek argitaratzen ditu Osasun Sailak, eta datu horiek eguneratuta osatutako mapa bat du ikusgai Gipuzkoako Foru Aldundiak. Mapa horretan jasota dauden datuen arabera, Zarautzen, guztira, 1.047 lagunek eman dute positibo eta, beraz, biztanleen %4,5 kutsatu dira. Biztanle kopuruari dagokionez, eskualdeko herririk handiena bada ere, ez da positibo gehien atzeman dituzten herria izan; dena den, koronabirusa tarteko hildakoen kopururik handiena duen Urola Kostako herria da: COVID-19a zuten 29 lagun zendu dira Zarautzen, kutsatutako herritarren %2,8.

Badira aldeak

Urola Kostako 11 herrietan, orotara, 4.957 kasu positibo zenbatu ditu Osakidetzak hilabete guztiotan, eta kutsatutako pertsona horietatik 58 hil dira. Hau da, orain arte eskualdeko herritarren %6,8k eman dute positibo, eta positibo eman dutenen %1,2 hil egin dira. Iazko Eustaten biztanleria datuak kontuan hartuta eman ditu datuok Aldundiak.

5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrien artean, Azpeitia da hilabete guztiotan COVID-19ak intzidentzia handiena izan duen herria; izan ere, 1.395 herritarrek eman dute positibo gauzatutako probetan, eta Azpeitiko biztanleen %9,3 kutsatu da gaur arte. Hildakoen ehunekoa, baina, eskualdeko baxuena da: izan ere, guztira COVID-19a zuten lau herritar hil dira; positibo emandako herritarren %0,3.

Zarautzen bezala, Getarian ere %2koa da hildakoen kopurua, baina zifrek ez dute Zarauzkoen antzik. Izan ere, orotara 151 lagun kutsatu eta hiru hil dira. Herri txikia izanik, baina, ehunekoen dantza handia da.

Herri txikietan, berriz, badira aldeak batetik bestera. Aizarnazabal da eskualdean COVID-19ak gehien kolpatu duen 5.000 biztanletik beherako herria. Hain zuzen ere, 763 biztanle ditu Aizarnazabalek, eta horietatik 108k eman dute positibo gaitza atzemateko probetan; hau da, biztanleen %14,2 kutsatu dira. Gainera, gaitz hori zuen pertsona bat hil zen herri horretan, Aldundiaren arabera.

Errezilera ere indartsu iritsi da pandemia; izan ere, 618 lagun bizi dira herri horretan, eta 74k eman dute positibo gaitza detektatzeko probetan. Horrenbestez, Errezilgo herritarren %11,8 kutsatu dira hilabeteotan, eta horietatik %2,7 hil dira (2 lagun).

Mutur horietan ez dauden baina positibo kopuru altuak eta hildakoak izan diren herriak ere badira, ordea. Azkoitia da horietako bat, eta Orio bestea. Azkoitian, orotara, zazpi lagun hil dira COVID-19arekin, eta 879 lagun kutsatu dira; hau da, kutsatutako herritarrak %7,3 izan dira, eta horietatik hildakoak %0,8.

Bi herritan hildakorik ez

Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratutako datuen arabera, eskualdeko bi herritan ez da COVID-19a zuen herritarrik hil pandemia hasi zenetik. Bi herri horiek Zestoa eta Beizama dira. Beizaman, gainera, pertsona bakar batek eman du positibo orain arte. Zestoan, berriz, 251k eman dute positibo egindako probetan, herritarren %6,5ek.

Orio eta Zumaia ez dira salbuespena izan ez kutsatzeei dagokienez. Orion 382 lagunek (%6,3) eman dute positibo COVID-19a detektatzeko probetan, eta 562k Zumaian (%5,7). Kutsatutako pertsona horietatik 11 hil dira bi herri horietan: Orion bi (positibo emandako herritarren %0,5) eta bederatzi Zumaian (positibo emandako herritarren %1,6). Aian, berriz, gaitza zuen pertsona bat hil da hilabeteotan, eta 107 lagun kutsatu dira (biztanleen %5,4).