Iñigo Ormazabal margolaria hil da

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ots. 1a, 13:40

1951n Donostiako Añorga auzoan jaioa, larunbatean hil zen aspalditik bizilekua Zarautzen zeukan margolaria, 69 urterekin. 70eko hamarkadan hasi zen Ormazabal arte munduan murgiltzen eta, apurka-apurka, bere estiloa garatzen joan zen. Arte abstraktua landu zuen gehienbat, eta urteek aurrera egin ahala, paisaia figuratiboak egiteari ere ekin zion. 

Zarautzen azkenekoz 2018ko abuztuan izan zen bere lanekin osatutako erakusketa ikusgai. Mertxe Aranaren lanekin eta Ormazabalenekin atondu zuten Ispilu Arte galeria orduko hartan. Herrian zeukan estudioa, eta irakasle lanetan ere jardun zen bertan.

Dena den, martxan izan da artista duela gutxira arte. Horren erakusle da iazko urrian Merkatu Plazan ikusgai jarri zuten murala: Plastikorik ez. Ormazabalek eta Joxean Legorburuk egin zuten artelana, 2019ko Ekonomia Alternatibo eta Solidarioen Azokan.

Merkatu Plazako horman dago ikusgai 'Plastikorik ez' lana.