Eramateko janaria prestatzen duten establezimenduen zerrenda osatzen jarraitzen dute

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 3a, 11:30

Zerrenda hainbat lekutan izango da ikusgai, besteak beste, autobus geltokietako paneletan eta Herritarren Arreta Zerbitzuan QR bidez, nahiz udalaren eta Turismo Bulegoaren web-orrialdeetan.

COVID-19aren harira ezarritako neurri murriztaileak zirela-eta, iaz hainbat eta hainbat ostalaritza-lokalek ekin behar izan zioten etxera eramateko janaria prestatzeari, bai eta janaria etxeraino eramateko zerbitzua eskaintzeari ere. Zarauzko Udalak azaroan jakinarazi zuen zerrenda bat osatuko zuela, hain zuzen, zerbitzu horiek martxan zituzten establezimenduekin.

Aste honetan gogorarazi dute irekita dagoela zerrenda, eta dei egin die ostalaritza-lokalei, zerbitzu horiek eskaintzen badituzte, udalari jakinaraztera. Turismo Bulegoarekin jarri behar da harremanetan horretarako, turismoa@zarautz.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita edo 943 830 990 telefono zenbakira deituta.

Hainbat tokitan egongo da ikusgai zerrenda hori, esaterako: udalaren eta Turismo Bulegoaren web-orrialdeetan eta sare sozialetako kontuetan, autobus geltokietako paneletan eta Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ) QR bidez, nahiz Urola Kostako Udal Elkartearen hainbat euskarritan (azkeneko hau ez du zehaztu udalak).