Zarautzen bi kasu positibo atzeman zituzten atzo, herenegun baino hamar gutxiago

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 4a, 13:43

Intzidentzia tasak behera egin du berriro, eta 321,24koa da une honetan. Hego Euskal Herrian 1.236 kasu positibo izan ziren atzo.

Atzo egindako PCR eta antigeno proben emaitzak argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta Zarautzek, gaurkoz, arnas pixka bat hartu duela dirudi. Gorakada nabarmena izan zen herenegungo emaitzetan, hamabi kasu hauteman baitzituzten. Atzo, ordea, positiboen kopuruak behera egin zuen berriz, eta azken zazpi egunetako daturik baxuena erregistratu zuten Zarautzen: bi positibo.

Herriak eremu laranjan jarraitzen du, baina behera egin du kasu metatuen tasak: 359,79koa zen atzo, eta 321,24koa da gaur.

Urola Kostan erdira baino gehiagora jaitsi da detektatutako kasu positiboen kopurua: herenegungo 40 kasu baieztatuen ostean, atzo guztira hamasei lagunek eman zuten positibo eskualdean.

Emaitza berrietan goranzko joera islatu duen eskualdeko herri bakarra izan da Orio, han atzeman baitzituzten kasu positibo gehien atzokoan: zazpi. Aurreko lau egunetan soilik sei kasu zenbatu ostean, beraz, gora egin du positiboen kopuruak, bai eta intzidentzia tasak ere: 1.223,09koa zen atzo, eta 1255,71koa da orain. Atzoko datuekin, eremu gorritik irteteko aukeratik urrundu da kostaldeko herria.

Azpeitian ere piztuta jarraitzen du semaforoko argi gorriak, gaur gaurkoz, 1169,51koa baita hamalau egunetako kasu metatuen tasa. Dena den, behera egin du tasak –1.268,07ko zen atzo– nahiz atzemandako positiboen kopuruak –hiru kasu izan ziren atzokoan, eta hamabi herenegun–.

Zarauzko datuen parekoak izan ziren atzo Azkoitian eta Zumaian, bina kasu positibo baieztatu baitzituzten bi herri horietan ere. Guztiak daude eremu laranjan, baina guztietan egin du behera intzidentzia tasak. Zumaia da eremu gorritik hurbilen dagoena 468,10eko tasarekin, eta zenbatekoa 408,91koa da Azkoitian.

Zestoan kasu bakarra izan zen atzo, baina eskualdeko gainontzeko herrietan –Aia, Beizama, Errezil, Aizarnazabal eta Getaria– ez zen emaitza positiborik izan. Azpimarratzekoa da, hala ere, Aiako ostalaritza-lokalek itxita jarraitu beharko dutela, Eusko Jaurlaritzak ezarritako irizpideek hala aginduta.

1.236 kasu Hego Euskal Herrian

Eskualdean atzoko emaitzak pozgarriak izan badira ere, Hego Euskal Herrian gora egin du detektatutako positiboen kopuruak: atzo 1.236 kasu izan ziren –144 Araban, 544 Bizkaian, 320 Gipuzkoan eta 228 Nafarroan–, herenegun baino 179 gehiago. Koronabirusa hautemateko proba gutxiago egin ziren atzo, gainera: 18.907 proba, herenegun 19.986 proba egin ostean.

Atzo 84 pertsona ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan koronabirusagatik, eta une honetan 156 lagun daude ZIUn, atzo bezainbeste.