Zarauzko Ernaik elkarteratzea deitu du Zelaiaren eta Barbadoren kontrako sententzia salatzeko

Maialen Etxaniz 2021ko ots. 5a, 14:00

Espainiako Auzitegi Nazionalak launa urteko espetxe zigorra ezarri die Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarrei, lehergailuak egiteko materiala edukitzea leporatuta. Bi gazteen kontrako sententzia salatzeko kontzentrazioa egingo du bihar Zarauzko Ernaik, 12:30ean hasita Udaletxe plazan, Ez dugu onartzen absoluzioa ez den beste epairik lelopean. 

Zarauzko Ernaik kontzentrazioa deitu du biharko Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteen kontrako sententzia gaitzesteko eta bi auziperatuei babesa agertzeko. Espainiako Auzitegi Nazionalak launa urteko espetxe zigorra ezarri die Zelaiari eta Barbadori, lehergailuak egiteko materiala edukitzea leporatuta. Sententziaren aurrean, bihar Euskal Herriko herri guztietan mobilizatzera deitu du Ernai gazte antolakundeak, eta Zarautzen 12:30ean egingo dute elkarretaratzea Udaletxe plazan, Ez dugu onartzen absoluzioa ez den beste epairik lelopean. 

Ernaik salatu du Zelaiaren eta Barbadoren kontrako sententzia ez dela "soilik bi gazte militante konprometituen kontrako erasoa, bakea eta askatasunaren bidea egunez eguneko lanarekin eraikitzen ari den herri baten kontrakoa" baizik. Horren aurrean, antolakundeak azpimarratu du ez duela onartuko absoluzioa ez den beste epairik: "Ez dira inor gu epaitzeko, eta ez dugu onartuko absoluzioa ez den beste epairik". 

Era berean, Zelaiaren eta Barbadoren auzian Ertzaintzak "bete duen papera" salatu du Ernaik: "Azpimarratzekoa da EAJren gertuko poliziatzat izendatzen den Ertzaintzak prozesu guzti honetan bete duen papera. Polizia politikoaren papera aski ondo bete dute. Adibiderik argienak militantzia politikoaren kriminalizazioan oinarritutako informeak aurkezterakoan edota epaiketa bera aurreko fase politiko batean kokatzeko egindako ahaleginetan ikusi ditugu". Bi gazteen kontrako sententzia gaitzetsi ez ezik, azken asteotako hainbat gertakari ere salatu ditu Ernaik: "Azken asteetan langileriaren eta gazteriaren kontra orkestraturiko kanpaina martxan jarri duten horiek guztiek ez dezatela zalantzarik izan, ez zuten lortu eta ez dute lortuko". Halaber, Zelaiaren eta Barbadoren auzia salatzeko martxan jarri duten Ankerkeriari Stop! dinamikaren deialdietara batzeko deia egin du Ernaik. 

Elkarretaratzean segurtasun neurriak errespetatuko dituztela adierazi dute deitzaileek.