Jokin Eizmendi bigarren izan da Gipuzkoako Harri Handien Txapelketan

Atzo arratsaldean jokatu zuten Gipuzkoako Harri Handien Txapelketako finala, Asteasun. Parte hartu zuten hiru harri-jasotzaileak eskualdekoak izan ziren. Aimar Irigoienek irabazi zuen eta Jon Unanue 'Goenatxo III'.a gelditu da hirugarren.

Hirugarren urtez jarraian, Aimar Irigoien errezildarrak irabazi du Gipuzkoako Harri Handien Txapelketa. Iaz baino kilo gutxixeago jaso ditu aurtengoan, baina, hala ere, nahikoak izan zaizkio txapela janzteko. Aurten 6.275 kilo altxatu ditu errezildarrak eta iaz 6.675 kilo. Jokin Eizmendi zarauztarrak egin du bigarren, 5.750 kilo jasota; eta Jon Unanue Goenatxo III.ak egin du hirugarren, 3.550 kilo jasota.

Atzo, larunbata, jokatu zen 2020ko Gipuzkoako Harri Handien Txapelketa Asteasun, eta lehian aritu ziren hiru harri-jasotzaileak Urola Kostakoak izan ziren. Lau harrirekin lan egin behar izan dute lehiakideek, harri bakoitzarekin bina minutuko txandan: 200 kiloko laukizuzena, 175 kiloko zilindrikoa, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola. Irigoienek sei aldiz jaso du 200 kilokoa, 11 aldiz 175ekoa, bederatzitan 150ekoa eta hamalautan 125ekoa.

Berez, azaroaren 8an Zizurkilen jokatzekoak ziren finala, baina egoerak laguntzen ez zuela eta, bertan behera uztea erabaki zuten antolatzaileek. Gaurko jaialdia ere Aian izatekoa zen hasiera batean, baina Aian eremu gorriko murrizketak indarrean dituztenez, jaialdia lekualdatzea erabaki dute azkenean.

Gipuzkoako Harri Handien Txapelketako finalarekin batera, Gipuzkoako Lokotx biltze Txapelketakoa ere jokatu dute gaur, Asteasun. Jon Larrañaga mendaroarrak irabazi du hura.

Sailkapena:
1. Aimar Irigoien (Errezil). 6.275 kilo (6-11-9-14).
2. Jokin Eizmendi (Zarautz). 5.750 kilo (6-9-9-13).
3. Jon Unanue Goenatxo III (Azkoitia). 3.550 kilo (4-5-5-9)