Euskararen eta zaintzaren arteko loturak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko ots. 10a, 09:00

Gero eta gehiago dira seme-alabei eskolako lanekin laguntzeko helburuarekin hutsetik euskara ikasten hasi diren emakumeak. Orioko AEK Euskaltegiko irakasle den Irati Txapartegi zarauztarrarekin hitz egin du KARKARAk, baita Patri Muros eta Carol Gonzalez ikasleekin ere.

Normalean, emakume gehiago animatzen da hutsetik hasita euskara ikastera euskaltegietan, eta hori nabari da. Orioko euskaltegiko lehen urratsean, esaterako, gehiago dira andreak. Irati Txapartegi da irakaslea eta uste du euskararen eta zaintza lanen artean badagoela lotura estua. «Alde batetik, emakume asko euskara ikasten hasten dira seme-alabei eskolako lanekin lagundu nahi dietelako; haurren zaintza, askotan, hein handi batean, emakumeen gain izaten delako. Bestetik, etortzen dira emakumeak adinekoak zaintzen lan egiten dutenak eta euskara beren lanerako beharrezkoa dela sentitzen dutenak ere. Azken kasu horretan adibidez, ulermena landu nahi izaten dute eta garrantzia ematen diete lexikoari eta oinarrizko esaldiak ikasteari», azaldu du irakasle zarauztarrak.

Hori dela eta, ikasle bakoitzaren gogoak, egoerak eta motibazioak ikasketa prozesuan eragin zuzena duela iruditzen zaio Txapartegiri. «Batzuk hemen hainbat urtez bizi ondoren etortzen dira euskara ikastera, eta hizkuntza ikasteaz gain, euskal giroan murgiltzea izaten dute helburu. Dena dela, badakite euskara ikasi gabe bizi daitekeela Euskal Herrian eta ikasgelan parte hartzen badute ere, agian etxean lan gehiago egitea falta zaie». Beste batzuk, berriz, iritsi berritan etortzen dira euskara ikastera, eta gaztelaniaz ez badakite, euskara «oso serio» hartzen dutela eta «ahalegin handia» egiten dutela aitortu du Txapartegik. «Badut gaztelaniaz oso gutxi dakien ikasle senegaldar bat eta egunez egun harrituta uzten gaitu, euskara oso azkar ikasten ari delako. Dena dela, bakarra da, gainontzeko guztiek badakitelako gaztelaniaz, eta hori dela eta, askotan gaztelaniarako joera izaten dute ikasgelan».

Bestalde, izaten dira euskara lan kontuengatik ikasi behar izaten dutenak ere. «Kasu horiek kudeatzea ez da beti erraza izaten, euskara ikastera behartuta sentitzen direnez, batzuk amorru puntua izaten dutelako hasieran», aipatu du irakasleak.

Konfiantza giltza

Ikasle hasi berriekin Irati Txapartegiren helburua izaten da «euskara oinarri hartuta konfiantzazko harreman bat sortzea, irakaslea izateaz haratago, askotan izaten naizelako ikasleek euskararen inguruan izaten duten lehen erreferentea».

Konfiantzazko harremana eraikita, ikasle bakoitzari eskatzen zaion exijentzia maila ere desberdina izaten dela dio irakasleak, eta ikasturte hasieran saiatzen da ikasle bakoitzarekin tratu batera iristen, «helburu errealak markatzeko eta presioa gutxitzeko». «Ikasle talde berean egon daiteke ingeniari bat eta hogei urtetan liburu bat hartu ez duen pertsona bat. Horretaz gain, bakoitzaren egoera eta denbora librea ere kontuan hartzen dugu; ezin diot gauza bera eskatu bere etxean lasai dagoen pertsona bati eta ikasteko denbora eta erraztasun guztiak dituenari; lana, seme-alaben zaintza eta euskara ikastea uztartu behar dituenari; edo zaintza lanetan interna dagoen pertsona bati», azaldu du.  

Euskara erakusteaz harago, ikasleak euskal giroan murgiltzeko ahalegina ere egiten du Txapartegik. «AEKren filosofia ez da euskara betiko moduan erakustea. Gramatika lantzen dugu, esaldiak egiten ikasteko ezinbestekoa delako, baina gure helburu nagusia da praktikatzea eta euskara modu atsegin batean ikastea: entzun eta hitz egin. Horrez gain, saiatzen gara ikasleak euskal giroan murgiltzeko beste mota bateko jarduerak antolatzen: bertso tailerra, mintza saioak, sagardotegira irteera eta horrelakoak».

Andaluzieratik euskarara

Irati Txapartegik badaki, ikasle asko, hasieran «beldurtuta» joaten direla euskara ikastera. Patri Muros da horietako bat. Aita andaluziarra eta ama asturiarra duen 40 urteko emakumea Irunen jaio zen, baina txikia zenean Granadara (Andaluzia, Espainia) joan zen bizitzera familiarekin. 2009an erabaki zuen Andaluzia utzi eta Euskal Herrira etortzea lan aukera berrien bila, eta denbora tarte horretan familia izan du hemen. Hain zuzen ere, euskara ikasten hasi da 3 urteko semeari laguntzeko asmoz. «Haurtzaroko oroitzapen onak ditut eta gogoan dut nire amak etxeko lanak egiten laguntzen zidala. Niri ere semearekin batera ipuinak irakurtzea edo etxeko lanak egitea gustatuko litzaidake, eta horregatik erabaki nuen euskara ikastea».

Orain arte, Murosek ez du sentitu euskara ikasteko «behar handirik», lana aurkitzeko ez duelako zailtasunik izan arlo horretan. Dena dela, beste noizbait saiatu izan da euskara ikasten. «Horretarako ere motibazioa eta une egokia aurkitu behar izaten da. Orain arte, lanerako ez zait beharrezkoa iruditu, eta ikasi nahi izan dudanean ez dut horretarako denborarik edo dirurik izan. Orain, ordea, semea euskaraz hitz egiten hasi dela ikusita, euskaran murgiltzeko une egokia zela ohartu naiz. Jakin badakit inoiz ez dudala ama hizkuntza euskara duen bertako baten maila izango, baina ahalegintzea nire semearengatik egin dezakedan gutxienekoa da. Gainera, pentsatu dut orain ikasten hasita, irakurtzen hasten denerako zerbait jakingo dudala». 

Patri Murosek aitortu du hasieran «beldurtuta» joan zela euskara ikastera. «Ez nuen euskaraz ezertxo ere ulertzen, txinera iruditzen zitzaidan; baina, gure irakaslea zoragarria da eta  ikasteko erraztasun guztiak eskaintzen dizkigu. Gainera, oso gustura joaten naiz euskaltegira»; astelehenetik ostegunera egunean bi orduz izaten ditu euskara eskolak. «Hasieran uste nuen denborarekin nazkatu egingo nintzela, baina kontrakoa gertatu da. Beldurrak gainditu ditut eta euskararekin gozatzen hasi naiz. Belarria bigundu zait eta hobetzen ari naizela sentitzen dut», azaldu du pozik granadarrak.

Urte eta erdi herrian

Carol Gonzalez kolonbiarra duela urte eta erdi iritsi zen Euskal Herrira. Bi seme-alaba ditu, eta hiru urtekoa Orioko Zaragueta Herri Eskolan dabilenez, berak ere euskara ikasteko beharra sentitu zuen. «Haurra hazten denean eskolako lanekin lagundu nahi nioke, eta horretarako beharrezkoa iruditzen zait euskara ikastea. Nik neuk ez nekien ezertxo ere, baina ez zait iruditzen horren zaila. Irati irakasleak esaten digun bezala, garrantzitsuena da irekia izatea eta uneoro gure hizkuntzarekin konparatzen ez jardutea, guztiz desberdinak direlako». Gonzalezek oraindik ez du harreman handiegirik bertako euskaldunekin, baina alabarekin batera ipuinak irakurtzeko ahalegina egiten ari da etxean. «Erosketak egitera joaten naizenean ere saiatzen naiz dakidan gutxia esaten. Oso motibatuta nago».