Zortzi kasu positibo gehiago baieztatu dituzte Zarautzen

Andoni Elduaien 2021ko ots. 10a, 13:28

Herenegun egindako probetan baino zazpi kasu positibo gehiago atzeman zituzten atzo Zarautzen, eta kasu gehien hauteman zituzten herria izan zen Urola Kostan. 346,94koa da intzidentzia tasa.

Eusko Jaurlaritzak kaleratu berri du pandemiaren inguruko eguneroko txostena. Osasun Sailak jakinarazi duenez, atzo, asteartea, zortzi kasu positibo hauteman zituzten Zarautzen, herenegun kasu bakarra izan ostean. Pixkanaka-pixkanaka Zarauzko azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu metatuen tasa goraka doa, 346,94an kokatu baita azken positiboekin. Dena den, eremu laranja da oraindik.

Atzokoan Zarautz izan zen kasu gehien zenbatu zituzten eskualdeko herria; Urola Kostan, guztira, 21 positibo baieztatu zituzten egindako PCR eta antigeno probetan. Herenegun egindako probetan baino 11 kasu positibo gehiago atzeman dituzte, beraz, atzo egindako probetan.

Zarautzen ondoren, Zumaia da kasu positibo gehien zenbatu zituzten Urola Kostako bigarren herria. Lau kasu berri detektatuta, 366,34 da Zumaiako intzidentzia tasa. Lau kasu gehiago zenbatuta ere, intzidentzia tasa berdin mantendu da Zumaian atzoz geroztik.

Azkoitian eta Azpeitian, bestalde, hiruna kasu positibo hauteman zituzten atzoko probetan. Azpeitiak eremu gorrian jarraitzen du, eta intzidentzia tasak gora egin du zertxobait atzotik. 808,15ekoa zen zenbatekoa atzo Azpeitian, eta gaur 814, 72koa da. Azkoitian, berriz, eremu laranjan sartuta daude azken asteetan, eta intzidentzia tasak ez du gorabeherarik izan atzoz geroztik; 325,46an mantendu da hiru kasu positibo atzemanda.

Azpeitia bezala, Orio da eremu gorrian sartuta dagoen eskualdeko beste herria. Atzo, bi kasu positibo zenbatu zituzten, eta intzidentzia tasa 1.043,71n kokatu da. 1.255,7ko tasa zuen atzo Oriok, beraz, behera egin du atzotik. Zestoan, aldiz, kasu positibo bakarra baieztatu zuten atzo, eta intzidentzia tasa 487,93an dago gaur-gaurkoz. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez zuten kasu positiborik zenbatu atzo. 

Beheranzko joera

Hego Euskal Herrian kasu positiboak apaltzen hasita daude, baina halere herenegun baino kasu gehiago zenbatu zituzten atzoko probetan, guztira 835 kasu positibo zenbatu baitzituzten. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 13.437 PCR eta antigeno test egin zituzten, eta 748 kasu positibo atzeman zituzten. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hamahiru pertsonari ere detektatu zioten positiboa. Positibotasun tasa, beraz, %5,5ekoa izan zen atzo. Nafarroan, aldiz, 87 positibo zenbatu zituzten atzo egun osoan zehar egindako 3.042 probetan. Positibotasun tasa %2,9koa izan zen atzo han.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 547 pertsona daude gaur-gaurkoz erietxeren batean ospitaleratuta, horietatik 165 Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU). Atzo, gainera, 99 lagun ospitaleratu zituzten hiru lurraldetako erietxeetan. Gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea, berriz, 0,85ekoa da hiru lurraldeetan. Azken astean, berriz, 99 pertsona hil dira gaixotasunari lotuta. Ostegunero bezala, Eusko Jaurlaritzak bihar gainbegiratuko ditu berriro herriz herrikako intzidentzia tasak.