Edward Burtynsky argazkilariari eskainiko diote aste honetako Gela saioa

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 10a, 17:00
Edward Burtynskyk Nigerian ateratako argazki bat.

Kanadarrak "industriak eraldatutako paisaien ikuspegi handiak" lantzen ditu batez ere. Ohi bezala, ostiralean izango da Gela saioa, Photomuseumen.

Aste honetan ere argazkilari ospetsu bat izango da protagonista kultur hedapenerako Gela programan: Edward Burtynsky kanadarra. Programaren arduradunek azaldu dutenez, artista "arras ezaguna da nazioartean, paisaia industrialen formatu handiko argazkien egile izateagatik". Izan ere, Burtynskyk "industriak eraldatutako paisaien ikuspegi handiak" lantzen ditu batez ere; hala nola, "meategiak, harrobiak edota zabortegiak". "Bere irudien edertasuna ikaragarria da, eta askotan, erakusten dituzten egoera arriskutsuekin gatazkan dago", diote Gela programaren antolatzaileek.

Hamabost museotan baino gehiagotan daude ikusgai argazkilariaren lanak, eta bada haren inguruan hitz egiten duen dokumental bat ere: Manufactured landscapes. 2006an argitaratu zuten ikus-entzunezkoa eta, 2007an, Sundance zinemaldiko munduko dokumentalen lehiaketan eman zuten.

Ostiral honetan jardungo dute horri guztiari buruz Photomuseumen, 18:00etan hasita. Beti bezala, doakoa izango da sarrera.