'Don't be dummy' kanpainan parte hartu dute Lizardiko ikasleek

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 11a, 15:00
(Zarauzko Udala)

"Trafiko-istripuak prebenitzea" da programaren helburua, eta streaming bidez hartu dute parte Lizardi institutuko batxilergoko 125 ikaslek.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak aurten ere jarri du martxan Don't be dummy. Zuk ez duzu ordezkorik kanpaina. Bide-segurtasuna lantzea eta "trafiko-istripuak prebenitzea" da programaren helburua eta, Zarauzko Udalak azaldu duenez, streaming bidez egin behar izan dira aurtengo saioak.

Programa horren barruan antolatutako saioetako batean hartu du parte Zarauzko Lizardi institutuak. Batxilergoko 125 ikasle izan ziren online saioan, eta trafiko-istripuen inguruan jardun zuten hainbat pertsonaren "testigantzak" entzun zituzten; hain zuzen, "ertzainenak, suhiltzaileenak, larrialdietako medikuenak eta trafiko-istripuen biktimenak". "Testigantza horien bidez, gazteak kontzientziatu nahi izan dira gidatzean arduraz jokatzeak duen garrantziaz", dio udalak.

Araban, Bizkaian nahiz Gipuzkoan egin dituzte saioak Dont' be dummy kanpainaren barruan eta, guztira, 23.570 pertsonak hartu dute parte streaming bidez.