'Begira nazazu begietara', Martxoaren 8ko kartel lehiaketako irabazle

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ots. 12a, 12:18
'Begira nazazu begietara' kartela. (Lucia Arribas Sanchez)

Lucia Arribas Sanchezena da lan irabazlea. Herritarren saria, berriz, Candela Azurza Lopezek irabazi du. 

Urteroko moduan, Martxoaren 8ra begira udalak antolatuko dituen ekitaldien irudi izateko kartel lehiaketa antolatu du Parekidetasun Sailak. Epaimahaiak ebatzi du Lucia Arribas Sanchezen Begira nazazu begietara lana dela egokiena, beraz, hori izango da Emakumeen Nazioarteko Eguna iragartzeko udalak erabiliko duena. Egilea 61 urteko Zaragozako (Espainia) bizilaguna da, eta 400 euroko saria jasoko du.

Korronte morea (Cancela Azurza Lopez)
 

Herritarren saria Candela Azurza Lopez 24 urteko zarauztarrak irabazi du, berak diseinatutako Korronte morea kartelak 170 boto jaso baititu. Azurzak 200 euroko saria jasoko du. 

Parekidetasun Sailak jakinarazi duenez, guztira 41 kartel aurkeztu dira lehiaketara: "23 gizonezko eta 18 emakume". Denei parte hartu izana eskertu die Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak: "beraiei esker Martxoaren 8a ikusaraztea eta gizarteratzea lortzen baitugu".

Amaitzeko, udalak jakinarazi du lehiaketara aurkeztutako obra guztiak ikusgai egongo direla Torre Luzean martxoaren 8tik 14ra bitartean, egunero, 18:00etatik 20:00etara. "Herritarrak animatzen ditugu bertaratzera eta Martxoaren 8aren inguruan antolatuko ditugun ekitaldietan parte hartzera", burutu du Vazquezek.