Samara Velte: "Berriro kuestionatu dugu ea nola izan zen posible"

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 16a, 09:00
(Amaia Urbieta Arruti)

Gaur estreinatuko dute Paperezko Hegoak, Euskaldunon Egunkaria-ren itxierari buruzko dokumentala. Samara Velte (Zarautz, 1991) aritu da zuzendari lanetan eta, azaldu duenez, galdera bati tiraka sortu dute ikus-entzunezkoa: zergatik itxi zuten?

Euskaldunon Egunkaria sortu zenetik 30 urte eta itxi zutenetik ia bi hamarkada bete direnean sortu duzue dokumentala. Nolatan?

Tentazioak Produkzioakeko Fernando Bernuesena izan zen hasierako ideia: hau da, Egunkaria-ren itxierari buruzko lan bat egitea, sakoneran kontatuz gertatu zena eta, saiatuz, nolabait, istorio horretan hain ezagunak ez diren hainbat ertz erakusten. Istorio konplexua baita Egunkaria-ren itxierarena, askotan iritsi izan zaiguna baino askoz ere gehiago. Ez zen izan epaile batek amorruz izan zuen bihozkada soil bat, eta eragina izan zuten unean mahai gainean zeuden gai politikoek, instituzioetan zeuden botere-harremanek eta herrigintzatik sortutako euskalgintzak zuen ibilbideak.

Zein ekarpen egin nahi izan duzue dokumentalaren bidez?

Ezaguna den gai bati perspektiba berri batetik begiratzea izan da gure asmoa, galdera bati tiraka. Denok dakigu Egunkaria itxi zutela eta horrek eraginak izan zituela, maila kolektiboan zein pertsonalean. Baina zergatik itxi zuten? Beharbada galdera horri ez zaio hainbestetan heldu.

Bide hori arakatzen eta erantzun posible batzuk ematen saiatu gara, ziur aski ez baitago erantzun bakar bat. Itxieran eragin zuten faktoreak aztertu ditugu, esaterako, uneko testuinguru politikoa. Non hartu zen erabaki hori? Modu horretako errepresioak badauzka biktima oso zehatzak eta ezagutzen ditugu izen-abizenekin, baina erabaki batzuk daude horren atzean. Garrantzitsua da aztertzea nork hartzen dituen erabaki horiek, eta zein asmorekin.

"Zergatik itxi zuten Euskaldunon Egunkaria?" galderari erantzuten hastean, beraz, galdera berriak agertu ziren.

Sarri esaten da sinbolo bat zela Egunkaria, euskal kulturaren sinbolo, eta Egunkaria joz, komunitate kultural bat ere jo nahi zela. Galdera berri bat sortzen da orduan: sinbolo bat baldin bazen, benetan nora iritsi nahi zuten itxieraren bidez? Kontuan izan behar da, gainera, Egunkaria-ren aurkakoa ez zela izan egun horietan egin zen operazio bakarra, eta bazegoela euskalgintzaren kontrako nolabaiteko polizia-sare bat eta asmo gaizto asko, eta entitate gehiago ere bazeudela jo-puntuan.

Zure kasuan, oraindik ez zinen jaio Egunkaria lehengoz kaleratu zenean, eta oso gaztea zinen ixtea agindu zutenean.

Ni amaren tripan nengoen Egunkaria sortu zutenean eta, gainera, ez naiz euskarazko testuinguru batean hazi etxean. Ez zen euskaraz egiten eta ez zen euskarazko egunkaririk irakurtzen. Baina itxiera gogoratzen dut. 11 urte neuzkan arren, oroitzen naiz Egunkaria-ren alde egin ziren ekintzekin. Adin horrekin, baina, ez duzu harrapatzen zein den horren guztiaren dimentsio politikoa, eta zer den sinbolizatzen duena. Ikus dezakezu zure inguruan zer ari den mugitzen, baina gerora zoaz horri esanahia ematen.

Alderdi emozionala, bestalde, Berria egunkariko erredakziora lanera sartu nintzenean jaso nuen. Istorio horren aurpegiak ezagutu nituen, eta sumatu nuen zenbaterainokoa den trauma. Anekdota asko entzun nituen, urteurrenak etortzen ziren, jendea hunkitu egiten zen... Handik eta hemendik, bazoaz memoria hori jasotzen.

Lan hau egin ostean, zertan aldatu da gertatutakoaren inguruan zuk zenuen ikuskera?

Dokumentala egiteak balio izan dit, batetik, garaiko testuinguru politikoaz gehiago jakiteko. Euskal gatazkaren urte gogor horietan izan zen itxiera, eta dagoen diskurtsoa da, nolabait, gehiegikeriak alde guztietara egiten ziren une batean gertatu zela, eta logika horretan sartzen dela itxiera. Baina badaude faktore gehiago, eta gehiago egin behar da atzera. Kontuan izan behar da zein zailtasun zituen ez soilik Egunkaria-k, baizik eta euskalgintza herrikoitik sortutako proiektu orok. Bazeuden susmo txar batzuk Egunkaria-ren gainean, besterik gabe, sortu zen moduan sortu zelako, eta zituen ezaugarriengatik: herrikoia zen, zabala, independentea alderdi politikoetatik, eta horrelakoek beti sortzen dituzte susmoak. Bazeuden, sorreratik, seinalamendu eta aurreiritzi batzuk proiektuarekiko. Testuinguru zehatz bat sortzen du horrek, proiektu batzuk nolabaiteko jatorrizko bekatu batekin existitzea eragiten duena. Elementu horiek ere izan behar dira kontuan gertatutakoa ulertzeko, azaltzen baitu, gero, nola gelditu ziren zigorgabeago ekintza batzuk, beste batzuk baino.

Itxi zutenean guztiak azaldu ziren Egunkaria-ren alde, injustiziaren sinbolo bilakatu baitzen. Eta, noski, denak daude injustizien kontra. Baina Egunkaria-ren hastapenen historia ez da hain polita eta, ziur aski, itzal hori guztia arrastaka eraman zuen itxierara arte. Hori ere kontatu dugu, garrantzitsua delako ulertzeko zein akusazio sortu ziren gero eta nondik datozen aurreiritzi horiek. 

Gaur gauean izango da Paperezko Hegoak-en estreinaldia, ETB1 katean. Zein da espero duzuen erantzuna?

Publiko motaren araberakoa izango da. Helduagoek eta istorioa zuzenean gogoratzen dutenek flashback bat izango dute agian, baina espero dut bereziki inplikatuta egon direnek sentitzea ondo kontatu dugula gertatu zena, guri asko inporta izan baitzaigu hori; elkarrizketa asko egin ditugu eta ordu asko dokumentazio lanetan. Hainbat protagonistaren laguntza izan dugu horretan, esaterako, Juan Mari Torrealdairena. Arantza bat dugu hark ezingo duelako emaitza ikusi [iazko udan zendu zen]. Oinarri izan dugun galdera hori, ea zergatik itxi zuten Egunkaria, etengabe egin zion hark bere buruari ia bi hamarkadaz.

Pertsona horiei omenaldi edo aitortza bat egin nahi izan diegu, haien memoria jasota gera dadin eta ikus dadin oso larria izan zela gertatu zena. Egia da kontakizun bat jasotzean bere horretan onartzen dugula sarri; batzuetan, beharrezkoa da une batez gelditzea eta berriz kuestionatzea ea nola izan zen posible halako zerbait gertatzea. Ariketa hori izan da lan hau, memoria kolektiboak eta pertsonalak gurutzatzen diren une horri berriro begiratzea. Uste dut sanoa dela belaunaldi bakoitzak halako ariketa bat egitea; Josu eta biok beste belaunaldi bat gara, eta gertatutakoa berreraikitzeko ariketa bat izan da guretzat.

Bestalde, dokumentala ikusiko duten asko izango dira gure belaunaldikoak edo gazteagoak, horren memoria zuzenik ez daukatenak. Gertatu zena ezaguna da haientzat baina gauza berri asko ere ikasiko dituzte dokumentalarekin eta, agian, pista batzuk jasoko dituzte historia hurbilari begiratzeko, ez bakarrik Egunkaria-ren auziari.