Maskarak erabiltzeko jarraibide argiak

Ana Galarraga Aiestaran/Berria 2021ko ots. 16a, 12:00

Zein maskara erabili behar dira? Zenbat? Eta zein egoeratan? Galdera horiei guztiei heldu die Ana Galarragak Berria egunkarian argitaratutako artikulu honetan.

Joan den astean gogorarazi zuen Andoni Egaña Makazagak Etxepekoak izeneko zutabean: «Joandako martxo-apiriletan garrantzi handiagoa ematen genion ukimenari arnasketari baino. Eskunarruak ziren derrigorrezko, ez musukoak. Hatza zen giltzarri, ez hatsa».

Bada, Nature aldizkarian duela gutxi argitaratutako artikulu baten arabera, neurri horiek gehiegizkoak dira, egoera arruntean. Laborategian egindako ikerketek birusek gainazaletan luze iraun zezaketela erakutsi bazuten ere, errealitatean frogatu dute arnasbideetatik igortzen diren tantaxkak eta aerosolak inhalatzean transmititzen dela birusa, eta ez dute ebidentziarik aurkitu inor infektatu denik kutsatutako gainazal edo objektu bat ukitzeagatik. Horrenbestez, arreta, ahaleginak eta baliabideak aerosolen bidezko transmisioa eragozten jartzeko gomendatu du aldizkariak, eta ez horrenbeste desinfekzioan.

Maskara janztea, aire librean edo ondo aireztatutako lekuetan egotea, eta jende-pilaketak saihestea dira, beraz, neurri eraginkorrenak. Maskarei buruz, hala ere, beti dago galderaren bat airean. Dagoeneko, zientzialariek argi frogatu dute gai direla, ez bakarrik besteak babesteko norbera infektatuta egonez gero; baita norbera babesteko ere. Orain, eztabaida da zein maskara erabili edo zenbat.

Izan ere, AEBetako Gaixotasunen Kontrol eta Prebentziorako zentroak (CDC) maskarei buruzko jarraibideak berritu ditu, eta, maskara kirurgikoaren gainetik, oihalezko bat janzteko gomendatu du. Hala, onena bi maskara janztea dela zabaldu da. Adituek ohartarazi dute, ordea, garrantzitsuena ez dela zenbat maskara jantzi, baizik eta ondo janztea, zirrikiturik utzi gabe. Berez, CDCk ere arrazoi hori eman du bigarren maskara gomendatzeko: kirurgikoak aurpegira egokitzen lagunduko luke. Horrez gain, oihalezko maskarak ere aproposak direla adierazi du, betiere geruzen tartean iragazkia badute.

Artikulua osorik irakurtzeko, sartu hemen