Zarautzen ere zapiak sortuko dituzte, migrazio politikak salatzeko

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 17a, 08:25
(Emakumeen Mundu Martxa)

Otsailaren 20an ekingo diote Emakumeen Mundu Martxaren Nazioarteko V. Ekintzari, eta martxoaren 6an izango da itxiera ekitaldia. Zubi guztien gainetik, mugarik ez! Transnazionalik ez! lema hartuta, aurtengoan migrazio politikak, mugak eta transnazionalak jarriko dituzte jo-puntuan. Zapiak egingo dituzte ibilbidean zehar, amaiera ekitaldira eramateko.

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak aurreko astean aurkeztu zuen Nazioarteko V. Ekintza, Bilbon (Bizkaia), Espainiako Gobernuaren atzerritar bulego berriaren aurrean. Kolektiboko kideek azaldu zutenez, munduko hainbat emakumek iazko urrian jarri zuten martxan nazioarteko ekintza berria eta, oraingoan, migrazio politikak, mugak eta transnazionalak salatuko dituzte nagusiki. "Mugak, migrazio politikak eta transnazionalak sistema heteropatriarkal, arrazista, kapitalista eta kolonialaren tresnak dira", esan zuten aurkezpenean.

Euskal Herrian otsailaren 20an abiatuko dute nazioarteko ekintza, Zubi guztien gainetik, mugarik ez! Transnazionalik ez! aldarripean. Martxoaren 6an emango diote amaiera ibilbideari, eta itxiera ekitaldia egingo dute Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko mugan. Otsailaren 20tik 27ra bitartean, "aldarrikapenez betetako" zapiak egin nahiz jasoko dituzte herriz herri, eta amaiera ekitaldira eramango dituzte guztiak.

Zarautzen ere sortuko dituzte zapiak. Zarauzko Bilgune Feministak dei egin du datorren igandean, otsailaren 21ean, Putzuzulo gaztetxera bertaratzera, izarak margotzeko eta zapi modura erabiltzeko. 16:30ean jarri dute hitzordua.