Burko terapeutikoak doan banatzeko tratua egin dute farmaziek eta AECCk

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ots. 17a, 10:00
Elixabete Larrañaga farmaziako arduraduna eta Begoña Crespo, eskualdeko AECCko presidentea. (Amaia Urbieta Arruti)

Zarauzko farmaziek bitartekari lana egingo dute aurrerantzean, burkoa behar dutenek eskuratu dezaten. Operatu ondorengo kalteak saihesten laguntzen du burkoak.

Urola Kostako AECC Minbiziaren Aurkako Elkarteak Zarauzko bederatzi farmazien laguntza izango du aurrerantzean minbizia duten pazienteentzako burko terapeutikoak doan banatzeko. Larrañaga botikaren aurrean eman zituzten atzo egitasmoaren inguruko azalpenak AECCko kideek. Bihotzez Eginda izena jarri diote ekimenari, izan ere, doan banatzen ari diren burkoak eskuz egin dituzte boluntarioek. Besteak beste, ASMUBE Beasaingo (Gipuzkoa) emakume taldeak dihardu burkoak egiten.

Horrelako burko bat behar duenak farmazian eskatu ahalko du aurrerantzean. Bertako arduradunak AECCrekin jarriko dira harremanetan eta, ondoren, elkartearen Zarauzko egoitzan jaso ahal izango dute. Astelehenetik ostiralera bitartean egoten da zabalik AECCren egoitza. Momentuz, Zarauzko farmazietan sustatu dute kanpaina, baina erantzun ona izaten badu, beste eskualde batzuetara zabaltzeko asmoa agertu dute AECCko kideek.

Zertarako balio dute, baina, burko terapeutiko horiek? Elkarteko kideek aditzera eman dute bihotz edo V forma dutela eta besoaren azpian ahokatzeko aukera ematen dutela. «Atseden posizioan erabil daiteke, baita ibilgailuan egiten diren joan-etorrietan ere». Hala, segurtasun uhalak eragin ditzakeen marruskadurengandik babesten da operatutako bularra, aditzera eman dutenez. «Burkoak, ebakuntza ondoko mina arintzeko ez ezik, beste emakume batzuekin konektatzeko aukera ere ematen die pazienteei, bakarrik ez daudela erakusteko eta, elkar ezagutu gabe, ‘bihotz handiz’ egindako burko horrek batzen dituela erakusteko», azaldu dute AECCkoek prentsaren aurrean.

Abantaila gehiago ere baditu burko terapeutikoak, izan ere, gaineratu dute laguntzen duela linfedema agertzea saihesten, baita eztula edo doministiku egiteak sortzen duen mina arintzen ere. «Gainera, besoak ebakuntzaren zauria ukitzea eragozten du eta ebakitako aldean lo egiten laguntzen du».

Babesten jarraitzea xede

Urola Kostako AECC elkarteko kideek gogorarazi dute Balea kaleko 2. zenbakian dutela egoitza Zarautzen, eta beharra dutenak telefonoz ere artatzen dituztela, 943-13 32 36 telefono zenbakira deituta. Horrez gain, eguneko 24 orduetan martxan dagoen Infokancer zerbitzuaren 900-10 00 36 telefono zenbakira ere hots egin daiteke.

2020ko jardueraren balantzea ere egin dute elkarteko kideek. Egoera «zaila» izan dela azaldu dute, baina, oztopoak oztopo, 92 pertsona artatu dituzte bideo-deien bidez nahiz eskualdeko egoitzan. Zehaztu dutenez, 41 gaixo eta 51 senide izan dira artatuak. Bestalde, Urola Kostako Minbiziaren aurkako Elkarteak sentsibilizazioa garatzen jarraitzeko hainbat kanpaina egingo dituela iragarri dute. «Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Egunean edo udan, Larruazaleko Minbiziaren prebentzioan, lakio arrosare moduko kanpainekin. Era berean, astero ibilbide osasungarri batzuk egin dira eskualdean, bizimodu osasungarria sustatzeko, eta erretzeari uzteko terapiak ere jarri dira abian.

Jakinarazi dute elkarteko bazkide egiteko kanpaina jarriko dutela abian eta, horrez gain, gogorarazi dute eskualdean ematen dituzten zerbitzu guztiak doakoak direla, eta ez dagoela elkarteko bazkide egin beharrik zerbitzu horiek jasotzeko. Besteak beste, minbizidun pazienteentzat zein beraien senideentzat psikologo zerbitzua eskaintzen dute, baita medikuntza eta erizaintza orientazioa ere.