Iñurritza eta Udaberri elkarteek ez dute urteko batzar orokorrik egingo aurten

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 18a, 09:05

Elkarteetako batzordeek onar ditzakete iazko kontuak nahiz aurtengo aurrekontuak. Bazkideek urteko ordaindu beharreko kuota mantenduko dute.

Iñurritza eta Udaberri jubilatuen eta pentsiodunen elkarteek ez dute urteko batzar orokorrik egingo aurtengoan. "Pandemiak sortutako egoera" dela-eta jarri zuten aukera hori mahai gainean bi elkarteek, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazio eta Elkarteen Babeslaritzari kontsultatu ostean, erabakia hartu dute.

"Funtzionamendu orokorrarekin aurrera egin" ahal izateko, baina, bi elkarteetako batzordeak elkartuko dira. Haiek izango dute 2020ko kontuak nahiz 2021eko aurrekontuak onartzeko gaitasuna.

Bestalde, Iñurritzak eta Udaberrik jakinarazi dute mantendu egingo dituztela bazkideek urtero ordaindu beharreko kuotak. Inork zalantzarik izanez gero, elkarteetako zuzendaritzara jo dezake.