Iñurritza eta Udaberri elkarteetako bazkideei zuzendutako parte hartze prozesu bat abiatu dute

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 19a, 13:02
Begoña Egaña, Jesus Arana eta Mikel Agirre. (Dorleta Agiriano Lai)

"Udaberri eta Iñurritza jubilatuen elkarteen egungo errealitatea ezagutzea" eta "etorkizunerako nahi den kudeaketa ereduari buruz hausnartzea" izango dira Bidea Eraikitzen parte hartze prozesuaren helburuak. Bazkideek etxean jasoko dute galdetegia eta, bete ostean, herriko lau gunetan entregatzeko aukera izango dute.

Martxan da Bidea Eraikitzen parte hartze prozesua. "Udaberri eta Iñurritza jubilatuen elkarteen egungo errealitatea ezagutzea" eta "etorkizunerako nahi den kudeaketa ereduari buruz hausnartzea" izango dira dinamika horren helburu nagusiak. Galdetegi bat prestatu dute bi elkarteetako bazkideen iritziak idatziz jasotzeko, Jesus Arana Gizarte Politiketako zinegotziaren arabera, "pandemiak baldintzatutako prozesua" izango baita.

Gaur bertan bidaliko dizkiete eskutitzak bi elkarteek biltzen dituzten 1.900 kideei, eta martxoaren 16a izango da etxean jasoko duten galdetegi hori erantzuteko eta helarazteko azkeneko eguna. Inkesta betetzean, ondoko lau guneetako batera eraman beharko dute Udaberriko eta Iñurritzako bazkideek: Herritarren Arreta Zerbitzua (Kale Nagusia, 29), Turismo Bulegoa, Gizarte Zerbitzuak (Udaberri elkartearen aurrean) edo Aritzbatalde kiroldegia.

Prozesuan parte hartzera dei egin diete bazkideei Iñurritza elkarteko presidente Begoña Egañak, Udaberri elkarteko presidente Mikel Agirrek eta Jesus Aranak. Agirrek nabarmendu du "ezinbestekoa" dela bazkide guztien "iritzia ezagutzea", eta "aukera paregabea" dela honakoa. "Batzordeetako kideak elkartzen garenean dozena bat soilik biltzen gara. [...] Zuek esaten ez baduzue, uste duguna egin dezakegu guk, baina usteak erdi ustel izan daitezke. Guk uste duguna ez da izango, agian, bi elkarteen dinamikan bultzatu beharrekoa".

Egañak dio "interesgarria" dela Bidea Eraikitzen prozesua, eta bazkideei eskatu die inkestako "galdera guztiak ondo irakurtzeko eta erantzuteko", haien "kezkak edo nahiak eta ezinak" azaltzeko. "Ea posible den, guztion artean, prozesua aurrera ateratzea", esan du.

Sei fase

Udalak aholkularitza enpresa bat kontratatu zuen parte hartze prozesua diseinatzeko, eta sei fase aurreikusi dituzte:

  • 0. fasea: "proiektua aktibatzea".
  • 1. fasea: "egungo egoeraren behaketa".
  • 2. fasea: "hobetzeko proposamenak".
  • 3. fasea: "kontrastea eta aberastea".
  • 4. fasea: "baliozko ekarpenak".
  • 5. fasea: "ondorioak eta itxiera".

Orain helduko diote "hobetzeko proposamenak" biltzeko faseari eta, Aranaren esanetan, "iritzi horiek landu" eta "aztertu" egingo dituzte gero. Zarauzko Adinekoen Mahaian aurkeztu dute ekimena jada, baina ondoren ere izango dute "zeresana" mahai hori osatzen duten kideek, baita "udala osatzen duten talde guztiek ere", zinegotziaren arabera. Azpimarratu du Zarautzen mota horretako prozesu bat abiatzen den aurreneko aldia dela.

Bestalde, Iñurritzaren lokala gaur-gaurkoz itxita dagoen arren, prentsaurrekoan gogorarazi dute martxan direla jubilatuen bi elkarteak.