Azken astean behera egin du intzidentzia tasak, bi astez igo ostean

Juan Luis Romatet-Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 19a, 14:00

Zarautzen lau kasu berri baieztatu dituzte azken orduetan, baina behera egiten jarraitzen du kasu metatuen tasak. Azken zazpi egunetan 22 positibo izan dira herrian; aurreko astean atzemandako kasuen ia erdia da hori. Hego Euskal Herrian behera egin du kasu berrien kopuruak.

Dirudienez, hirugarren olatuaren une gogorrenak atzean uzten ari da Zarautz. Atzo lau kasu positibo detektatu zituen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, herenegun bezainbeste. Azken zazpi egunetan –otsailaren 12tik 18ra– 22 kasu positibo baieztatu dituzte Zarautzen. Hortaz, aurreko astearekin alderatuta nabarmen egin du behera atzemandako kasuen kopuruak: 43 izan ziren otsailaren 5etik 11ra bitartean, ia bikoitza.

Bi astez igo ostean, azkeneko astean behera egin du 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasak: 265,56koa zen orain dela hiru aste, 316,96koa duela bi aste, 364,97koa duela astebete, eta 278,41ekoa gaur-gaurkoz. Dena den, oraindik ere horiz margotuta jarraitzen du Zarautzek.

Urola Kostan, guztira, bederatzi positibo zenbatu zituen atzo Osasun Sailak. Birusak hemen jarraitzen badu ere, albiste pozgarria da herri guztiak eremu horian aurkitzen direla, Zarautz bezala. 

Kasuen hazkunde txiki bat izan du Zumaiak azken egunotan, hala ere. Bi kasu gehitu zituen atzo Osakidetzak herrian, eta intzidentzia tasa 213,70ekoa dute herrian. Aian, Getarian eta Zestoan, berriz, kasu bana izan dituzte. Aizarnazabalen, Azkoitian, Azpeitian, Beizaman, Errezilen eta Orion, berriz, ez dute positiborik zenbatu azken egun honetan. 

Kasuak behera Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herri mailan ere beheranzko joera hartu du izurriteak. 570 positibo izan ziren atzo lau lurraldetan. 

10.234 proba egin zituen atzo Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 505ek eman zuten positibo; %4,9ko positibotasun tasa izan zen atzo hiru lurralde hauetan. Araban 67 kasu izan ziren, 284 Bizkaian eta 149 Gipuzkoan. Hiru lurralde hauetatik kanpoko bost lagunek ere positibo eman zuten atzo. 

Erietxeetako datuei dagokionez, atzo beste 54 lagun ingresatu zituzten Osakidetzako ospitaleetan. Gaur-gaurkoz, 391 lagun daude ospitaleratuta, eta horietatik 156 ZIUetan. Bezperan baino hiru lagun gehiago dira. 

Nafarroan, berriz, ehun kasutik behera izan dituzte beste behin ere. 65 positibo detektatu zituzten atzo egindako 1.793 probatan. Ondorioz, positibotasun tasa %3,6ra jaitsi da lurralde honetan.