ETSri trenbide azpiko pasabidearen proposamena aurkeztuko dio udalak datorren astean

Onintza Lete Arrieta 2021ko ots. 20a, 18:00
Argazkia: Zarauzko EAJ-PNV

Xabier Txurruka alkateak aurkeztuko dio ETS Euskal Trenbide Sarearen zuzendaritzari proposamena, Lapurdi eta Mitxelena arteko trenbidearen azpiko pasaguneaz.

Zarauzko EAJ-PNVk iritzi dio "une egokia" dela Lapurdi eta Mitxelena arteko trenbidearen azpiko pasagunearen proiektuari ekiteko. Eta alderdiak eta Xabier Txurruka alkateak jakinarazi dute datorren astean aurkeztuko diola proposamena Txurrukak ETS Euskal Trenbide Sarearen zuzendaritzari.

Abendu amaieran abiatu zuen ETSk tren geltoki berriko lanak lizitatzeko prozedura. 13 milioi euroko aurrekontuarekin (ETSk finantzatuko du %66,7, eta gainerako %33,3 udalak) eta 32 hilabetetan exekutatzeko epearekin, egungo geltokia eraitsi eta berria eraiki bitartean behin-behineko geltoki bat jarriko da, eta herriko iparraldea eta hegoaldea hobeto lotzeko pasabidea egingo da trenbide azpian.