Harkaitz Cano izango da datorren asteko gonbidatua Sanz Enean

Zarauzko Hitza 2021ko ots. 20a, 15:30

Gorka Arreseren gidaritzapean, idazle gipuzkoarrarekin tertulian ariko dira ostegunean, otsailak 25, liburutegira gerturatzen direnak. Beti oporretan narrazio liburua izango dute hizpide bertan. 

Asteroko hitzordua dute irakurzaleek ostegunean, otsailak 25, Sanz Enea liburutegian. Gorka Arresek gidatuta, oraingoan Harkaitz Cano idazle gipuzkoar ezaguna izango da gonbidatua, eta hark 2015ean argitaratutako lan bat izango dute hizpide: Beti oporretan narrazio liburua. 18:30ean hasiko da saioa.

"Uda, asteburu luzea, txangoa. Geure buruari opa diogun gozamen tartea da oporraldia. Atseden hartu eta indarrak berritzeko sasoi irrikatua. Beti ez dira gauzak espero bezala gertatzen hala ere. Desegokia suerta daiteke bidaidea, nahas liteke giroa edo trakestu familiako bakea. Zapuztu gaitzake ekaitzak, mehatxatu istripuak edo durduzatu ezustekoak". Halaxe hasten da Susak argitaratutako liburuaren laburpena.