Ordainlekuak berrituko ditu Bidegik Zarautzen, sei milioi euro inbertituta

Onintza Lete Arrieta 2021ko ots. 22a, 14:33

Irail erdialdean hasi nahi ditu lanak, eta amaitutakoan "Irungo bidesariaren prestazio berberak" izango dituela jakinarazi du erakundeak. Hemeretzi ordainlekuei kobrantza sistema berria jarriko diete, "azken belaunaldiko teknologia erabiliz".

Bidegik sei milioi euro inbertitzea erabaki du AP-8 autobideko Zarauzko ordainlekuak berritzeko. Lanak irail erdialdera hastea aurreikusi du erakundeak, eta horregatik, proiektua lizitaziora aterako du 6.129.000 euroko aurrekontuarekin (gehi BEZ). 18 hilabeteko epean amaitu beharko dira lanak, eta horiek amaitzean, "Irungo bidesariaren prestazio berberak" izango dituela azpimarratu dute.

Hemeretzi bide egongo dira ordaintzeko, eta denei ordainketa sistema ekipamendu berria jarriko diete, "azken belaunaldiko teknologia erabiliz". Hala, "orduko 1.000 ibilgailu igaro ahal izango dira Abiatu eta Via-T bezalako TAG gailu bateragarria duten bide dinamiko bakoitzetik".

Donostiatik datozen ibilgailuentzat lau ordainleku finko egongo dira Bilborantz, baina behar izanez gero denera zazpi bide egokitu ahal izango dira. Bide horiek autobideko sarrera izango dira, eta TAG gailurik ez duten erabiltzaileek sartzeko tiketa jaso beharko du bertan.

Irunerako noranzkoan, berriz, zortzi ordainleku finko egongo dira, eta 11 izatera iritsi ahalko dira, "batez ere irteera eta itzulera operazioetan gerta daitezkeen zirkulazio fluxu hazkundeagatik". Zarautzen ateratzen diren erabiltzaileentzat hiru bide egongo dira prestatuta; orain arte bezala, bide dinamikoak nahiz eskuz ordaintzekoak egongo dira.

Igarobideak irakurri eta kobratzeko gailu elektroniko berriak ezartzeaz gain, kanpoko elementuak berritzea ere aurreikusten du Bidegiren proiektuak; esaterako, ordainlekuko langileak babesteko euste-sistemak ezartzea, irlak berregokitzea, drainatzea hobetzea eta ordainlekuaren gainazalean hormigoizko harlauza berri bat zabaltzea.

Lanak lau fasetan

Bestetik, azaldu dute ordainlekua lau fasetan berrituko dela, une bakoitzean lauzpabost bide irekita egon daitezen noranzko bakoitzean.

Iraila eta abendua bitartean Donostiarako noranzkoko lehenengo sei bideak berrituko dira. 2022ko urtarriletik apirilera, hurrengo erdi pareko sei erreietan jardungo du Bidegik lanean Aste Santuak baino lehen amaituz, eta Aste Santuen ondoren hasi eta uztailera arte, hurrengo hiruretan.

Laugarren fasea, azkenik, iraila eta abendua artean egingo da; baskulatik eta Itxasmendi auzotik gertuen dauden lau bideak berrituko dituzte. 

Lanak eten egingo dituzte zirkulazio gehien izaten den garaietan: Gabonetan, Aste Santuan, eta udan, alegia.

Ordaintzeko hainbat modu

Bidegiko arduradunek azalu dutenez, ordainleku dinamikoek, TAG gailu bat irakurriz, orduko 1.000 ibilgailu pasatzea ahalbidetuko dute. Atentzio gabeko bide automatikoetan–hau da, makina automatikoa dagoen ordainlekuetan–, ordaintzeko beste modu batzuk ere egongo dira, txartelaz eta eskudiruaz gain. Izan ere,  sakelako telefonoarekin eta erloju adimenduarekin ere egin ahalko da ordainketa. Noski, TAG gailua ere erabili ahalko da bide horietan ere.

Datuak

Bidegik eman ditu zenbait datu interesgarri ere. Esaterako, joan-etorrien %65ean TAG gailu bat erabiltzen da, edo banku txartela (%20). Eskudirutan %15ek bakarrik ordaintzen dute.

Beste datua, ordainlekuaren arabera orduko igarotzen den ibilgailu kopuruari buruzkoa da. Izan ere, TAG sistema erabilita orduko 1.000 ibilgailu igaro daitezke ordainlekutik; bestelako sistema automatikoa erabilita, orduko 525 ibilgailu igaro daitezke; eta azkenik, langileak dituzten ordainlekuetan, berriz, orduko 275 ibilgailu igarotzen dira.