IAk infantilizazioaren inguruko saio bat antolatu du larunbat honetarako

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 23a, 17:44
(Urola Kostako Ikasle Abertzaleak)

Larunbatean Euskal Herriko hamaika txokotan egingo dituzte Herri Eskolak IAko kideek. Zarautzen ere jarri dute hitzordua, Putzuzulo gaztetxean, eta ikasleen "infantilizazioa" eta "ikasle autodefentsa sareak" izango dituzte aztergai ikasleek.

Ikasle Abertzaleakek (IA) Herri Eskolak antolatu ditu larunbat honetarako, otsailak 27. Urola Kostako IAk jakinarazi duenez, Zarautzen ere izango da ikasleak elkartzeko eta elkarrekin hausnartzeko aukera: Putzuzulo gaztetxean egingo dituzte Herri Eskolak, 10:30ean hasita.

Oraingoan "infantilizazioa" izango da gai nagusia, eta ikasleek hitzaldi bidez landuko dute auzia, "infantilizazioak betetzen dituen funtzioak" aztertuz. Euskal Herriko hainbat ikastetxetan sortu diren "ikasle autodefentsa sareen" inguruan ere hitz egingo dute saio horretan; ikasleen baldintzen defentsan jarduteko sortu ziren sare horiek, eta badute elkarrekin koordinatzeko espazio bat ere: IKAS izeneko plataforma, ikasturte honetan atera dena argitara.