Aldundiak oroigarri bat jarri du Arrosategin, pandemian adinekoen egoitzetan hil direnen omenez

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 26a, 15:00

COVID-19a dela-eta 322 pertsonak galdu dute bizitza Gipuzkoako egoitzetan, eta haiek oroitzeko plaka bat jarri dute Arrosategi parkean. "Dolu egun bat" izateaz gain, baina, Markel Olano ahaldun nagusiak adierazi du badirela "itxaropenerako argi izpiak". Aitortza egin die "zientzia arloari" nahiz "gizarte zerbitzuei".

Gipuzkoako adinekoen egoitzetan pandemiaren eraginez zendu diren pertsonak omendu ditu gaur, ostirala, Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hildako horien omenez, plaka bat jarri dute Zarauzko Arrosategi parkean, Santa Ana egoitzatik metro gutxira. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak azaldu du Santa Ana "garrantzitsua" dela "ikuspegi sinbolikotik", egoitza horretan izan baitzen Gipuzkoako aurreneko hildakoa COVID-19agatik. Martxoaren 26an izan zen heriotza hori, eta Olanoren esanetan, omenaldia gaur egiteak ere badu bere esangura: "Asteburu honetan betetzen da urtebete COVID-19a Gipuzkoan sartu zenetik".

Ahaldun nagusiak adierazi du izurriteak "gure zaharrak kolpatu" dituela gehien: "Pandemiak 322 hildako utzi dizkigu Gipuzkoako egoitzetan". Esan du "gaurkoan barruan" daukaten sentimendu nagusia dela doluarena. "Gure lurraldeko pertsona zaharrak aldarrikatu nahi ditugu, izugarri eman digutelako", nabarmendu du Olanok, eta gogoan izan du COVID-19aren eraginez hil diren "322 pertsona horiek milaka gipuzkoarren ahaideak" zirela. "Gertu egon nahi dugu pertsona horiengandik, [...] eta gure doluminik sentituena adierazi. Hori da gaurko ekitaldiaren muin nagusia", gaineratu du.

Nabarmendu du, bestalde, hildako pertsonen "oroimenak" eskutik joan behar duela "elkartasunean" oinarritutako "ikuspegi komunitario" batekin, bai eta "gure lurraldeko pertsonarik ahulenekiko konpromisoarekin" ere.

Arrosategi parkeko oroigarrian lore eskaintza egin dute gaur Olanok, Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatuak, Xabier Txurruka Zarauzko alkateak, Jesus Arana Zarauzko Gizarte Politiketako zinegotziak eta Garbiñe Amotxategi Santa Anako zuzendariak, besteak beste.

Txertoa eta "itxaropena"

"Dolu egun bat" izatez gain, ordea, ahaldun nagusiak adierazi du "beste ikuspegi bat ere jorratu" nahi zutela gaurko ekitaldian: "Itxaropena adierazi nahiko nuke. Badauzkagu itxaropenerako argi izpiak", esan du. "Hilabete oso gogorrak izan dira, baina egia da fase berri batean sartu garela orain eta, gaurkoan, mugarri bat irudikatzen da fase berri horretan", ohartarazi du.

Hain zuzen, txertaketari egin dio erreferentzia "mugarri" horren inguruan hitz egitean: "Txertoaren bidez babestuta ditugu gure egoitzak, bai egoiliarrak, bai langileak. Funtsezkoa iruditzen zait gizarteak argi izpi hori eta pauso kualitatibo hori barneratzea".

Xehatu du, gainera, une honetan ez dagoela COVID-19arekin kutsatutako pertsonarik Gipuzkoako egoitzetan: "Bi pertsona genituen atzo, baina azkeneko datuek ekarri diguten poza izan da gaur dagoeneko ez dagoela kutsaturik. Momentu historikoa da Gipuzkoan".

Aitortza

"Aitortzarako eguna ere bada gaurkoa", erantsi du Olanok. Hain zuzen, "konpromisoa hartu eta egunero COVID-19aren aurka borroka egin dutenei" egin die aitortza, azpimarra eginez, batetik, "zientziaren arloari", eta bestetik, "gizarte zerbitzuen multzo guztiari".

"Zientzia arloaz" mintzatzean, zehaztu du "borroka hau pixkanaka irabaz dezagun dena eman duten zientzialariei" egin nahi diela aitortza Aldundiak, horren emaitza delako, nagusiki, COVID-19aren aurkako txertoa. "Txertorik gabe, ezingo genioke COVID-19ari aurre egin egoitzetan [...], tresna nagusia izan da", esan du. Bestalde, aipamen berezia egin die epidemiologoei, "osasunari lotutako zerbitzu guztiei", Osasun Sailari eta Osakidetzari.

Gipuzkoako gizarte zerbitzuei dagokienez, ondorioztatu du "komunitate bat" osatzen dutela eta "komunitate baten gisan jokatu" dutela, eta haien lana jarri du balioan. Egoitzetan, bigarren olatuan, "prebentzio lan ikaragarria" egin dela nabarmendu du ahaldun nagusiak, eta "giza konpromiso hori" goraipatu du.

Zarauzko Udalak iazko ekainean landatu zuen olibondo bat Arrosategi parkean, pandemian bizia galdu duten zarauztarren oroimenez. Olanok argitu du olibondo horrekin "elkarrizketan" jarri nahi izan duela plaka Aldundiak.

Ondoko hitzak jasotzen ditu oroigarriak:

Zuen eskuek bizia eman ziguten,

lanaren, ahaleginaren eta eskuzabaltasunaren bidez.

Beti babestuko gaituzten eskuak,

bizitzaren amaieran estutu ezin izan ditugunak.

Ez zaituztegu ahaztuko.