Udalak Amenabarri salduko dio Salberdingo R3 partzela

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 27a, 14:30

R3 partzelaren salerosketa esleituta, martxan egongo lirateke Salberdingo urbanizazio lanen aurreneko faseko etxebizitza sustapen guztiak. 52 etxebizitza tasatu eraikiko dituzte partzela horretan, eta zozketa aurten egitea da udalaren asmoa. Datozen lau urteetan "babes maila ezberdinetako" 594 etxebizitza egitea ere aurreikusi du udalak.

Zarauzko Udalbatzak ostegunean egin zuen ohiko osoko bilkura eta, besteak beste, ontzat eman zuen Salberdingo R3 partzela Amenabar Etxegintza Berria SL enpresari saltzea, 3.355.905 euroan (zergak sartu gabe). Salerosketa hori esleitzeko lehiaketa bat izan du martxan udalak.

"Salberdinen iparraldeko lehen fasean martxan jartzea falta zen azken partzela da, errekaren eta trenbidearen artean, hain zuzen ere", azaldu du udalak. Hortaz, zortzi etxebizitza sustapen biltzen ditu Salberdingo urbanizazio lanen aurreneko faseak, eta R3 partzelaren salmentarekin, zortzi sustapenak egongo lirateke martxan. Xabier Txurruka alkateak aurreikusi du, "dena ondo bidean", "datozen bi urteetan Salberdingo iparraldeko eremua oso aurreratuta" egongo dela.

Udalaren arabera, R3 partzelan 52 etxebizitza tasatu eraikitzea da asmoa, eta hori izango litzateke "2019-2023 agintaldiko hurrengo etxebizitza babestuen sustapena". Alkateak gaineratu duenez, udalak aurreikusi du aurten egitea 52 etxebizitza horien zozketa.

Babestutako etxebizitza gehiago

2025era bitartean "babes maila ezberdinetako" 594 etxebizitza eraikitzea aurreikusi du Zarauzko Udalak, baina ez Salberdinen bakarrik; Lanpardon eta Eguzki-Izar eremuan ere egingo dituzte. "Zarauzko Udalean aurreko agintaldian hirigintza arloan egindako lanaren fruituaren emaitza ikusiko dugu datozen lau urteetan", esan du Txurrukak.

Salberdini dagokionez, R3 partzelan 52 etxebizitza tasatu egingo dituztela iragartzeaz gain, zona bakoitzerako asmo zehatzen berri eman du udalak: alokairuko 92 Babes Ofizialeko Etxebizitza (BOE) izango dira R9 partzelan –gutxieneko jabetza dauka hor udalak–; 168 etxebizitza tasatu R10, R11, R12 eta R13 partzeletan; 122 etxebizitza tasatu eta hiru BOE R14 partzelan; eta alokairu sozialera bideratutako 60 etxebizitza AD partzelan.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak abiatu du Plan Orokorraren aldaketa Lanpardon –Azken Portu– eta, udalaren esanetan, alokairu sozialerako 25 etxebizitza egingo dituzte han. Iñurritzako Eguzki-Izar eremuan, aldiz, 36 BOE eta 36 etxebizitza tasatu egokituko dituzte.

"2016an gure lehen etxebizitza plana aurkeztu genuen unetik, Zarautzen 170 babestutako etxebizitzen sustapena martxan jartzea lortu dugu. Lerro honetan lan egiten jarraitu nahi dugu, Zarautzen etxebizitza eskuragarriaren beharra dagoela ohartzen garelako", adierazi zuen alkateak osteguneko udalbatzarrean.