'Itsasoa hemen hasten da' sentsibilizazio kanpaina jarri du martxan udalak

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 28a, 09:00

250 estoldetan jarriko dituzte Itsasoa hemen hasten da. Ez bota ezer lelodun plakak. "Estoldetara zaborra botatzen bada, zabor hori guztia itsasora joango dela" ikusaraztea da kontzientziazio kanpainaren helburu nagusia. "Batzuetan ahaztu egiten zaigu itsasoak duen oinarrizko legea, ematen zaiona itzuli egiten duela dela", azaldu du Begoña Caballeirok.

Itsasoa hemen hasten da. Ez bota ezer. Hala diote Zarauzko hainbat estoldetan jarri dituzten xaflek. Zarauzko Udalak sentsibilizazio kanpaina gisan ekin dio plakak ipintzeari eta, guztira, 250 estoldetan irakurri ahal izango da mezua. Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziaren arabera, helburua da kanpainaren bidez "itsasoaren kutsaduraren inguruko" kontzientziazioa lantzea, bai eta herritarrei ikusaraztea ere "estoldetan zaborra botatzen bada, zabor hori guztia itsasora joango dela".

Udalak "plastikoak murrizteko" abiatutako kanpainarekin lotu du Vazquezek ekimen berria. "Helburua berdina zen, itsasora iristen diren hondakinak murriztea, batez ere, plastikoak, horiek baitira kopuru handienean itsasoan aurkitzen diren hondakinak", azaldu du. Lurrera botatzen diren poltsak "estoldetara sartzen" direla eta hortik "itsasoan amaitzen" dutela nabarmendu du.

Zigarro-puntek sortzen duten kalteari ere egin die azpimarra, asko itsasora heltzen direla eta hango "bizidunentzat oso kaltegarriak" direla adierazi baitu. "Hainbat erretzailek zuzenean botatzen dituzte hondakin horiek estoldetara", ohartarazi du. Urtean 6 bilioi zigarro erretzen direla eta horietatik 4,6 bilioi zigarro-puntak "naturan bukatzen" dutela ere jakinarazi du: "Zigarro-punta bakoitza 50 litro ur kutsatzeko gai da [...] eta, gainera, naturan hamabi urte irauten du degradatu bitartean. Arazoa benetan larria da".

Plastikozko irlak

Joan den ostiralean aurkeztu zuten Itsasoa hemen hasten da kanpaina, eta Ingurumen zinegotziaz gain, han izan zen Begoña Caballeiro Emaus erakundeko kidea ere. "Hondakinen murrizketan eta berrerabilpenean" jarduten du Emausek, eta Caballeirok azaldu zuenez, "denboran gehiago irauten duten produktuak erabilera bakarreko produktuak baino gehiago erabiliko bagenitu, horrek plastikoak itsasora iristea ekidingo luke".

Azpimarratu zuen, gainera, "itsasoko bizidunek jaten dituzten mikroplastikoek batzuen heriotza eragiten" dutela eta, beste asko, gizakiek jaten dituztela zuzenean: "Horrek gu ere gaixotzea ekarriko du". "Batzuetan ahaztu egiten zaigu itsasoak duen oinarrizko legea, ematen zaiona itzuli egiten duela dela", hausnartu du Caballeirok.

Gogora ekarri ditu, bestalde, itsasoan sortu diren plastikozko irla erraldoiak. Handiena Ozeano Pazifikoan dagoela esan du, 1,6 milioi kilometroko azalerarekin. 60 urte ditu irla horrek, eta 700 izaki ingururi egiten die kalte, Caballeiroren arabera.