Batzar informatiboak egingo dituzte gaur Putzuzulon

Zarauzko Hitza 2021ko ots. 28a, 10:30

Bi txanda antolatu dituzte batzar informatiboak egiteko: 17:00etan izango da aurreneko saioa, eta 19:00etan bigarrena.

Putzuzulo gaztetxeko Xakela asanbladak batzarrera dei egin du gaurko, igandea. Xakelako kideek aste honetan gutun bidez jakinarazi dutenez, momentuz, bertan behera geratu da gaztetxea birkokatzeko eraikin bat erosteko lehiaketa publikoa. Aurreikuspenen arabera, ikasturte amaieran eraitsiko dute Putzuzulo, eta aurreko urtean hartutako konpromisoak berretsi dituzte asanbladako kideek; besteak beste, "gaztetxe bat beharrezkoa dela Zarautzen eta hori bermatzeko lanean jarraituko" dutela eta ez direla "Putzuzulotik joango Zarautzen epe luzerako gaztetxe bat bermatuta izan arte".

Dena den, gaur egungo egoeraren berri emateko batzar informatiboak prestatu dituzte gaurko, eta dei egin diete zarauztarrei bertaratzera. Bi txanda antolatu dituzte: 17:00etan izango da bata, eta 19:00etan bestea.