Egin dute debuta Hondarribian ZAEko emakumeek, eta zortzigarren postua lortu dute gizonezkoek

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 27a, 17:30
Iazko irudi bat.

Zarautz Arraun Elkarteko emakumeen ontzia gaur aritu da aurrenekoz, baina azkeneko postuan geratu da (17:08,29). Gizonezkoek, aldiz, zortzigarren egin dute Hondarribian (21:13,63).

Hasi dira traineruen test-saioak. Kai-muturreko sarbidea itxita eta aurrez aurreko ikusle gabe, baina 16:00etan ekin diote Hondarribiko XXI. Traineru Jaitsierari. Emakumezkoen 11 ontziak ureratu dira lehenengo, eta 16:01n izan da Zarautz Arraun Elkartearen txanda. Zarauzko emakumezkoek, beraz, Hondarribiko uretan egin dute debuta, baina azkeneko postuan geratu dira gaurkoan (17:08,29), Ondarroaren (16:49,05) atzetik.

Orioko ontziak lortu du denborarik onena (15:35,15) emakumezkoetan, eta Donostiarrak (15:43,46) eta Arraun Lagunakek (15:52,08) jarraitu diote atzetik.

Emakumeen ostean murgildu dira lehian gizonezkoen hemezortzi traineruak. 16:24an atera da ZAEko ontzia, eta zortzigarren postua eskuratu du (21:13,63), Isuntzaren (21:12,10) eta Zumaiaren (21:11,94) atzetik.

Hondarribiaren aurreneko ontzia izan da nagusi (20:25,42) gizonezkoetan. Bigarren postua Donostiarrarentzat izan da (20:39,35), eta Oriorentzat hirugarrena (20:43,58).

Hondarribia Arraun Elkarteak zuzenean eman du jaitsiera Youtube bidez, eta jakinarazi dutenez, 1.000 ikusletik gora izan dira hainbat unetan.

Hona hemen gaurko sailkapena, osorik:

Erlazionatuak

ZAEk hiru traineru ureratuko ditu aurten

Dorleta Agiriano Lai 2021 ots 01 Zarautz