Atzokoan ez zuten positiborik atzeman Zarautzen

Julene Frantzesena 2021ko mar. 3a, 12:54

Behera doa Zarauzko kasu metatuen tasa, eta 119,93koa da gaur-gaurkoz. Datuak hobera egiten ari dira, pixkanaka bada ere: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 8.213 PCR eta antigeno proba egin zituen atzo Osakidetzak, eta 340 lagunek eman zuten positibo; Nafarroan 1.754 test egin zituzten, eta 59k eman zuten emaitza positiboa. Ospitaleetako egoeran antzekoa izaten segitzen du.

Zarautzen ez dute kasu berririk atzeman atzo egindako PCR eta antigeno probetan. Herriak eremu horia izaten jarraitzen badu ere, behera egiten ari da 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa, eta 119,93koa da une honetan. Herenegun, astelehena, bi emaitza positibo izan ziren Zarautzen; igandean bat bera ere ez, eta bana larunbatean eta ostiralean.

Azken hilabeteetako daturik onena atzo jazo zen Urola Kostan: hiru positibo baino ez zituen zenbatu Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eskualdeko herritarrei gauzatutako probetan –ez du zehazten zenbat proba egiten dituen herri bakoitzean–. Hain zuzen ere, Orion, Zestoan eta Zumaian detektatu zituzten atzokoan positiboak, herri bakoitzean bana.

Intzidentzia tasari erreparatuz gero, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrietako egoerak nabarmen egin du hobera azken astebeteetan; izan ere, biztanle kopuru hori gainditzen duten herrietako tasak 300etik beherakoak dira, eta beraz, eremu horian daude herriok. Aipatzekoa da, Azkoitiko kasua, 66,76 baita gaur-gaurkoz hango intzidentzia tasa, eskualdeko baxuena. 5.000 biztanletik beherako herrien arteko joera ere berbera da, nahiz eta Zestoak 500eko intzidentzia tasa gainditzen duen: 564,97 da hango tasa. Gipuzkoako intzidentzia tasa, berriz, 186,55 da orain.

Atzo, 8.213 PCR eta antigeno proba egin zituen Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta orotara, 340 lagunek eman zuten positibo horietan. Nafarroan, berriz, 1.754 test gauzatu zituen Osasunbideak, eta horietako 59k eman zuten emaitza positiboa. Horrenbestez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako positibotasun tasa %4,1 da, eta Nafarroan, %3,4.

Ospitaleetako egoerak antzekoa izaten segitzen du Osakidetzak jakinarazi duenez: atzo 45 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan COVID-19aren eraginez, eta gaur-gaurkoz, 267 lagun daude hiru lurralde horietako erietxeetan, bezperan baino bat gutxiago. Dena den, ZIUetako egoerak okerrera egin zuen atzokoan; izan ere, bost lagun ospitaleratu zituzten unitate horietan, eta orain, 126 lagun daude ospitaleratuta, bezperan baino bost gehiago. Nafarroako Gobernuak ez du ospitaleetako informaziorik eman.