Martxoak 8, Emakume Langilearen Eguna

Bizitza oso bat borrokari emana

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mar. 4a, 10:01

Emakumeen* Etxea sarri bisitatu ohi du Lilian Elizabeth Torresek. (Amaia Urbieta Arruti)

Naturaren eta giza eskubideen aldeko borrokan ibilbide luzea du Torresek. Exiliatu politikoa da, eta bizitza goitik behera aldatu bazaio ere, trebatzen jarraitzea du xede.

Emakumeen* Etxean igarotzen ditu Lilian Elizabeth Torresek (Morazan Yoro, Honduras, 1969) sarri egunero atseden hartzeko dituen bi orduak. Ikasten, irakurtzen nahiz idazten egon ohi da, eta liburu bat esku artean duela topatu du kazetariak bertan. Pertsona heldu bat zaintzen egiten du lan haren etxean, eta astelehenetik ostiralera 16:00etatik 18:00etara izan ohi du atsedenerako tartea. Larunbatetan 14:00ak arte egiten du lan, eta igandeko 21:00etan itzultzen da lanera.  Hasieran ohitzea kostatu zitzaiola dio, baina orain gustura dagoela: «Lan oro da duina eta bedeinkatua». 

Edonork luke nahiago, baina, ikasi duen horretan edo gustura arituko den horretan lan egitea, baita Torresek ere. Ingurumen arloan aritzen zen lanean Hondurasen, hango udalen proiektuei ikuskapen sozial eta fiskalak egiten. Miresmenez hitz egiten du bere aberriaz: «Oso herrialde ederra da Honduras». Hango egoera politikoak bultzatu zuen, ordea, hona etortzera. «Han meatzez inguratuta gaude, baliabide natural asko dituen herrialdea da, eta transnazionalak hori baliatzen ari dira. Gobernuak, berriz, gure baliabideak saltzen ari dira itsu-itsuan, inoren baimenik eta estrategiarik gabe. Nik lan egiten nuen MOAMY taldean transnazionalen aurka egiten genuen; giza eskubideen eta naturaren aldeko borroka zen gurea. Horregatik nago hemen». Heriotza mehatxu anonimo bat heldu zitzaion etxera Torresi. Inoiz bere herrialdea eta familia utziko ez zituela esaten bazuen ere, hori egin behar izan zuen. 


Bide malkartsua

Zarautzera heldu zenean, udalera jo zuen babes bila, eta Immigrazio Saileko arduradunek «zoragarri artatu» zutela dio. Dena den, hasiera oso aldapatsua izan zen Torresentzat. «Izugarri kostatu zitzaidan lana bilatzea. Zumarragan (Gipuzkoa) gizon heldu bat zaintzen hasi nintzen, baina 21 egunera hil egin zen eta Zarautzera itzuli nintzen. Udatiarren etxebizitzak garbitzen ere egin nuen lan, orduka kobratzen, baina irabazten nuena ez zen nahikoa nire hemengo bizitza ordaintzeko eta familiari dirua bidaltzeko».
Caritasi laguntza eskatzea erabaki zuen orduan. «Zenbat buelta ematen dituen bizitzak. Hondurasen boluntario aritzen nintzen Caritasen jendeari formakuntza eskaintzen, eta orain ni naiz haiengana doana laguntza eske». Elkarteak asko lagundu diola dio Torresek. Aurrerago lortu zuen gaur egun daukan lana, eta urtebete darama horretan. «Nik lanari ez diot beldurrik, baina hasieran sentitzen nuen ez nengoela guztiz ondo. Orain hobeto sentitzen naiz, baina nire itxaropena da lan egitea niri gustatzen zaidan horretan. Amets handiak ditut».

Torresen itxaropena da baita ere, aditua den horretan lana topatzeaz gain, Hondurasen dituen bost seme-alabak hona ekarri ahal izatea. «Azaroko urakanen ondorioz Honduras eta Nikaragua oso kaltetuak izan ziren, eta hango jendeari zeukan gutxia eraman zien. Jende asko ari da oso gaizki pasatzen, tartean, nire familia». Hori dela eta, inoiz baino inportanteagoa da Torresentzat seme-alabak hona etorri ahal izatea. «Berriro batera egongo garen itxaropena daukat».

"Polita litzateke aukerak sortzea lan egiteko dakigun horretan"


Miresgarria da Torresek nolako patxadarekin kontatzen duen bere bizitza, eta nolako grinarekin egiten dion aurre egunerokoari. Ez dute denek lortzen, ordea, halako krudeltasunari aurpegi bera jartzea. Emakume etorkin asko ezagutzen ditu Torresek, eta horietako asko «triste eta etsita» sumatzen dituela dio. «Esaten didate okerrago daudela hemen han baino, faltan botatzen dutelako familia. Horrela dabiltzan gehienak etorri berriak izan ohi dira. Zaila egiten zaie lan bat lortzea, eta ez dute izaten nora jo». Torres ez da geldirik egotekoa, eta egoera horiei konponbidea topatze aldera, mahai gainean jarri du udalari proposatzea Zarautzen Etorkinen Etxea sortzea, «fase horretan dauden pertsonek babesa izan dezaten».


Nola eraldatu

Hondurarrak ezagutzen dituen eta zaintza lanetan diharduten etorkin askok eta askok goi mailako ikasketak dituzte. Hori da, bere aburuz, pertsona horiek horren triste egoteko beste arrazoietako bat. «Nire herrialdean ez da erraza ikastea. Nik betileak erretzen nituen kandela baten laguntzaz ikasi behar izaten nuelako, argi elektrikoa joan egiten baitzen. Horrenbesteko esfortzua egitea ikasteko, horrenbeste urtez, gero hona etorri eta egoera honetan egoteko... horrek tristura handia ematen du». Berriro errepikatu du Torresek lan oro dela duina, baina «aukerak sortzea» nahiko luke. «Herrialde honetako udalek, legeek, sor ditzatela aukerak guk ezagutarazi ahal izateko dakiguna, eta lan egin ahal izateko dakigun horretan».

"Jakintzak partekatu ezean, alferrikakoa da gure egonaldia munduan"


Etorkinak Euskal Herrian erosoago egon daitezen elkarrizketa gehiago behar dela uste du Torresek. «Ez da harroak direla ere, baina Euskal Herriko emakume batzuek sorbaldaren gainetik begiratzen digute, eta gu handik gatozenez, kokilduta geratzen gara», dio. Ez dago Torres kokilduko duenik, ordea. Martxoaren 13an etorkinek egiten dituzten zaintza lanei buruzko hitzaldia emango du Putzuzulo gaztetxean, eta gustura dago bere jakintzak partekatzeko aukera izango duelako. «Denok izan gaitezke trebatzaile. Nik hitzaldian esango ditudanak jendeak aurrez jakingo ditu beharbada, baina garrantzitsua da berriro gogoraraztea, denok dakigulako emakumeak babesteko legeak egon badaudela, baina ez direla aplikatzen». Horrelakoak garrantzitsuak dira Torresentzat, «gehiago baztertu ez gaitzaten, tratu txarrik jasan ez dezagun, hil ez gaitzaten eta gure bizitzak nahiz erabakiak errespetatu ditzaten».


Hartu eta partekatu

Etengabe ikasteko bulkadari heltzen dio Torresek egunerokoan, eta emakume guztiei mezu argia helarazi nahi die: «Baliatu edozein aukera jakintzak zeureganatzeko, eta partekatu ondoren jakintza hori. Denbora laburra igaroko dugu mundu honetan, eta gure jakintzak partekatzen ez baditugu, alferrikakoa izango da gure egonaldia. Legatu bat utzi behar dugu».  Hain zuzen, bere jakintza, ideia eta bizipenak paperera eramaten ari da Torres azkenaldian, bere bizitza kontatuko duen liburua argitaratzea baitu helburu: La Morococha. Proiektua garatzen ari da oraindik, 
baina aurrez aipatutako ametsen artean dago lan hori plazaratzea.