Emakume Zientzialarien Ibilbidea ikusgai dago Torre Luzea eta Emakumeon Etxearen artean

Onintza Lete Arrieta 2021ko mar. 6a, 12:00

Parekidetasun saileko eta Berdintasun Kontseiluko kideak, panelen aurrean (Zarauzko Udala)

Martxoaren 8aren atarian, Zarauzko Udalak alde zaharrean emakume zientzialariak omentzeko panel bereziak jarri ditu 25 zientzialariren argazki eta biografiekin. Parekidetasun sailak eta Berdintasun Kontseiluak egin dute lana, Ispilu Artekoen laguntzarekin. Zingira basoan plaka ere jarri dute, hura Emakume Zientzialarien Basoa izendatuz.

Zarauzko Udalak emakume zientzialariak omendu nahi izan ditu aurten Martxoaren 8aren atarian. Horretarako bi ekintza egin dituzte Parekidetasun sailak eta Zarauzko Berdintasun Kontseiluak. Batetik, Zingira basoan plaka bat jarri dute, hura Emakume Zientzialarien Basoa izendatuz. Bestetik, 25 emakume zientzialariren izenak eta haien lorpenak jarri dituzte emakume forma duten tamaina handiko hamazazpi euskarritan, hasi Torre Luzea parketik eta Emakumeon Etxe atariraino.

PSE-EE alderdiko Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak eman ditu egitasmoaren arrazoiak: "Helburua da aitortzea hainbat emakumek zientziaren eta teknologiaren arloan egindako lorpenak. Zehazki, paneletan ageri diren emakumeak natur-zientzien arloarekin daude lotuta, eta hala, Zingirako izendapena eta kaleko egitasmoa, biak lotuta gelditu dira. Nahita egin dugu egitasmo hau kalean, herritarrei ikusarazteko". Vazquezek nabarmendu du "oraindik ere" emakumeentzat "zailagoa" dela zientzia eta teknologiaren arloan lan egitea, "eta batez ere, lanbide horiek garatzea". Azpimarratu du unibertsitatean badaudela emakumeak halako ikasketak egiten, baina gero gizonezkoak dira goiko postuetara iristen direnak. "Beste arlo batzuetan ere gertatzen da hori, baina hauetan, nabarmena da aldea", iritzi dio. 

Erreferenteen garrantzia

Vazquezek azaldu du garrantzitsua dela neskek "emakume erreferenteak" ikustea zientzien arloan. "Ez da entzuten ezer emakume zientzialariez edo haien lorpenez; gehienetan gizonek egin dituzten aurkikuntzak edo lanak dira zabaltzen direnak. Oso garrantzitsua da emakumeen presentzia bermatzea, horiek zer egiten duten gizarteratzea eta jendeari kontatzea, neskek gai ikusteko beren burua horrelako arloetan lanean".

Hamazazpi argazki eta izen-abizenen artean, badira ezagunak, esaterako Rosalind Franklin–DNAren estruktura aurkitu zuen–, baina gehienak anonimoak dira herritar askorentzat.

Emakume zientzialari horien biografiak iaz prestatu zituztela azaldu du Vazquezek, baina konfinamendua iritsi zen lana argitara eraman aurretik, eta orain ikusi dute informazioa plazaratzeko aukera.

Ispilu Artekoen laguntzarekin

Arantxa Berazadik azaldu du Ispilu Arten landu eta prestatu dituztela Torre Luzean eta Emakumeon Etxean parean jarritako figurak. "Manifestaziorik eta ezin denez egin aurten, pentsatu dugu modu honetan azaleratzea gaia, eta uste dut nahiko polita gelditu dela".

Leticia Eizagirre Ispilu Arteko zuzendariak jakinarazi du Mariana Arrizabalaga artista zumaiarraren diseinua dela, eta eskuz egin dituztela.

Zaintza ere gogoan

Berdintasun Kontseiluko kide Ana Sarasola Mujikak, azkenik, aipatu nahi izan du zaintzak duen garrantzia pertsona guztien bizitzetan, baita edozein ofizioz ari garenean ere. "Zaintzarik gabe ez dago ezer bizitza honetan: jaiotzen garenetik behar ditugu zainketak. Gizakia ez da gai bere kabuz bizirauteko. Eta ofizio bat goraipatzen dugunean, beste batzuk uzten ditugu ertzean, eta normalean zaintzakoak izaten dira. Baina edozein ofiziotan zaintza dago bere barruan. Dena gurutzatzen da denbora guztian", hausnartu du.