Oroiminez atzera begira

Zarautz txuri-beltzean. (inurritzakoak.blogspot.com)

Duela 60 urteko Zarautzez idatzi du Jesus Mari Olaizola Txilikuk Iñurritza Biotopoaren blogean. Orain denaren erdia ere ez zen herria orduan, baina Txilikuk azaldu du "ikaragarri handia" iruditzen zitzaiola.

Oroiminez atzera begira jarrita, izan nintzen umea datorkit gogora. Izan nintzen umea izan zen Zarautz galdu batean, orain ez dudan xalotasun batez begira herriari, eta bizitzari.

Umetan ikaragarri handia iruditzen zitzaidan ezagutzen nuen mundu txikia, baina sumatzen nuen ezagutzen nuen mundu urri hura mundu handiago baten zati txiki bat besterik ez zela.

Antzinako Zarautz txiki hura zuri-beltzean agertzen zen argazkietan, eta ez zen oraingo Zarautza denaren erdia ere. Hala eta guztiz, oso zabala zen galtza motzetan genbiltzanontzat (esan beharrik ez dago orduan mutikoak galtza motzetan ibili ohi ginela izterrak bizarrez bete arte).

Gure ezjakintasunean Zarautz herri handia eta ikusgarria zen. Pentsa!, bi desertu genituen herriko mugetan: desertu txikia eta desertu handia. Argiñanoren jatetxearen albokoa Desertu Txikia zen, malekoiak hesitzen ez duen hondartza zatia, gaur egun bi kioski txiki antzeko eraikuntzak mugatzen duten hondar-eremua, Desertu Handia Golfeko parean dagoen hori zen, gaur Biotopoa deitzeko ohitura hartu duguna, hare-muino edo dunak dituena.

Desertu Txikira futbolean egitera joaten ginen. Horretarako, ondo portatu behar zen eskolan, eta irteera bat egiteko behar adina merezimendu irabazi. Desertu Handian familia bi elkartzen ginen, oso noizbehinka, igandeko edo festa-egun berezi bateko bazkaria egiteko. Familia bat Talaimenditik behera jaisten zen, eta gu herritik joaten ginen. Herriko bi muturretan bizi ziren bi familia baserritar (lazkanotarrak biak ere emazteen aldetik) elkartzen ginen erdibidean (Desertu Handian) festaren bat ospatzeko, eta bazkaria egiten genuen hondartzaren ertzean. Kaletar jendeak nahiago izaten zuen hondar gainean egon, eguzkia hartu eta itsasoan bainatu, baina gu baserritar kastakoak ginen, eta leku “garbiagoa” nahi genuen bazkaltzeko, eta hondartzako hondar “zikina” baino nahiago genuen dunetako belar “ezaguna” mantelak han zabaldu eta jateko.

Bitxia zen orduko Zarautz txikia. Herri-kaskotik berrehun metrotara hasten zen beste mundu mota bat; hau da, herritik bertara zen baserri mundua, kalekotik bestelakoa zen aparteko mundua. Azken Portu izeneko taberna bat bazen herriaren ertzean, mugan, eta azken portu zibilizatu hartatik harantz basokoen lurraldeak zeuden, baserritarren mundua, bizitza ikusteko eta bizitzeko beste modu bat zuten jendeen mundua.

 

Jarraitu testua irakurtzen hemen klikatuta.