Martxoak 8, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna

UKTk bat egiten du berdintasunaren aldeko aldarriarekin

Zarauzko Hitza 2021ko mar. 8a, 12:00

Emakume Langilearen Nazioarteko Egunean, Urolako Komunikazio Taldeak berdintasunarekin duen konpromisoa azaldu nahi du. Azken hilabeteetan Berdintasun Plana gauzatzen aritu dira kooperatibako langileak, eta talde horrek datozen lau urteetako Ekintza Plana zehazten dihardu orain.

Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna ospatuko da gaur mundu osoan zehar. Martxoaren 8a egun seinalatua da berdintasunaren aldeko borrokan, eta Urolako Komunikazio Taldeak ere bat egiten du nazioartean milioika herritarrek zabalduko duten aldarriarekin. 

Herritar guztientzat aukera berdintasuna bermatuko duen gizarte parekide eta justuago batean sinesten du UKTk, eta horren erakusle da azken hilabeteotan egiten ari den barne prozesua. Iaz, kooperatiba osatu eta gutxira, Berdintasun batzordea eratu zuten langileek. Ordutik, Berdintasun Plana osatzen jardun dute batzordeko kideek arloan adituak diren Hezibideko teknikarien laguntzarekin. 

Joan den astean batzordeak onarpena eman zion Berdintasun Planari, eta orain, lau urtean gauzatu beharreko Ekintza Plana zehazten ari dira. Hainbat helburu izango ditu dokumentu horrek; besteak beste, langileek berdintasunarekiko duten sentsibilizazioa areagotzea eta langileen eguneroko jardunean berdintasuna bermatzea.

UKTk ahalik eta azkarren hasi nahi du Ekintza Plana gauzatzen berdintasunaren aldeko urrats zehatzak eta sendoak emateko. Kazetaritzak gizartearen mundu ikuskeran eragiteko duen indarra kontuan izanik, behartuta gaude berdintasunarekin benetako konpromisoa izatera. Hala sinesten dugu, hala izan behar duelako.