Martxoak 8, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna

Emakumeak izan dira protagonista gaur, pentsionisten elkarretaratzean

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mar. 8a, 17:00

(Utzitakoa)

Emakume guztientzat pentsio duinak aldarrikatu dituzte gaurko elkarretaratzean. "Amaitu dezagun bidegabekeria historiko honekin", azpimarratu dute irakurketan.

Astelehenero izan ohi dute protagonismo berezia emakumeek pentsiodunen elkarretaratzean, behin eta berriro aldarrikatu baitute pentsio arrakalarekin amaitzeko. Astelehen hau berezia izan da ordea, Martxoaren 8a baita gaur, Emakume Langilearen Eguna. Hori dela eta, gaiarekin lotutako irakurketa egin du pentsionisten mugimenduak gaurko elkarretaratzean:

"Emakume gehienak langileak dira, baina denek ez dituzte lortu beraien lanagatik dagozkien eskubideak. Gutxi batzuek jaso dezakete, beren lanari esker, dagokien pentsio duina. Beste batzuek pentsioa jasotzeko eskubidea badute, baina ez da nahikoa duintasunez bizitzeko". Emakume alargunak izan dituzte gogoan jarraian: "Milaka emakume alarguntza-pentsioarekin bizi dira, baina gehienek ez dute ezertarako eskubiderik. Emakumeak etxea zaintzen eta mantentzen aritu dira. Seme-alabak eta adineko pertsonak zaindu dituzte, ezkutuko lanetan aritu dira, kontraturik gabe; baina ez dute pentsioa jasotzeko eskubiderik. Ez dute eskubiderik beren erretiroa aitortua izateko. Horregatik, oso ozen esan behar dugu: 'Pentsio duinak emakume guztientzat'. Amaitu dezagun bidegabekeria historiko handi honekin".

Ondoren, Amaia Agirre bertsolariaren kopla batzuk abestu dituzte:

Emakumeen eguna
eskubideen aldarri
lan baldintza duin batzuk
nahi dituena oinarri

Merezitako pentsio
ta ordainsari egarri
lepoa makurraraziz
injustizien uztarri

Oro erantzi nahi dugu
ta iraultza iragarri
herri bat bihur ez dadin
fosiltzen utzi den harri

Zaindu gaitezen norbera
bide emanez elkarri
ta zaintzaren erdigune
nork bere burua jarri