Aurrera doa Kortazarren adinekoen egoitza egiteko proiektua

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mar. 9a, 10:09

Kortazar eremua. (Hitza)

Esperotakoa baino mantsoago, baina aurrerapausoak ematen ari dira Kortazar eremuan adinekoen egoitza egiteko proiektuan.

Duela bi urte agertu zuten jendaurrean aldundiak eta udalak Kortazar eremuan adinekoen egoitza eraikitzeko egitasmoa, Xabier Txurruka alkateak, Markel Olano ahaldun nagusiak eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak egindako agerraldian. Azaldu zuten udalarena dela 8.300 metro koadroko partzela, eta aldundiari lagako ziotela, hark mendekotasuna duten pertsonentzat egoitza eraiki dezan.

Txurrukak berriki sare sozialen bidez jakinarazi duenez, aurrerapausoak ematen ari dira proiektuaren lanketan, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren oniritzia jaso baitu Zarauzko Udalak sustatu duen hirigintza planaren ingurumen-txosten estrategikoak.