Zuhaitz Egunaren harira, hainbat ikaslek zuhaitzak landatu dituzte Zingiran

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mar. 9a, 16:25

(Zarauzko Udala)

Iaz bertan behera geratu zen Zuhaitz Eguna. Aurten, baina, Zingira basoan elkartzeko eta zuhaitzak landatzeko aukera izan dute herriko hainbat gaztek.

COVID-19a zela-eta, aurreko urtean ez zen ospakizunik izan Zuhaitz Egunaren harira. Aurten, ordea, Zarauzko zenbait ikasle Zingira basoan elkartu ziren martxoaren 3an, 4an eta 5ean, eta hainbat zuhaitz eta zuhaixka landatu zituzten. Ekimenaren helburua, udalaren esanetan, "gazteek gure ingurumena ezagutzea eta ezagutza horren bitartez maitatzea, errespetatzea eta zaintzea" da.

Udalak jakinarazi du jada 1.300 zuhaitz inguru landatu direla Santa Barbarako gune horretan. Babestutako artelatz basoa da, eta Zuhaitz Eguneko landaketen bidez "bertako landaredia berreskuratzen lagundu" nahi izan dute. Besteak beste, artelatza, arkamurka, elorria, erramua eta gorostia landatu dituzte orain arte.