Izen-emateak ireki dituzte Dortoka mailako eta helduentzako igeriketa ikastaroetan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mar. 10a, 10:00

Dortoka mailako hirugarren hiruhilekorako izen-ematea zabalik dago, baita helduentzako ikastaroko bigarren hiruhilekorako izen-ematea ere. Martxoaren 29tik ekainaren 18ra arte izango dira Dortoka mailako igeriketa saioak, eta apirilaren 3tik ekainaren 19ra arte helduei bideratutakoak.

Igeriketako Dortoka mailan laster helduko diote hirugarren hiruhilekoari, eta helduen igeriketan ere aurki hasiko dute bigarren hiruhilekoa. Hortaz, bi ikastaroetarako izen-emateak ireki zituzten joan den astelehenean, eta martxoaren 14ra arte egongo da izena emateko aukera. Egun horretako eguerdian amaituko da epea.

Plazak mugatuak direnez, zozketa bidez ebatziko dute nork hartuko duen parte hurrengo igeriketa saioetan. Martxoaren 15ean egingo dituzte bi ikastaroetarako zozketak, eta udalak egun horretan argitaratuko ditu emaitzak bere web-orrialdean.

Epe horiek, ordea, aurreko hiruhilekoren batean bi ikastaro horietan parte hartu ez dutenentzat izango dira. Aurretik Dortoka mailan edo helduentzako saioetan egon direnek martxoaren 16tik 21era bitartean eman ahalko dute izena, plazaren bat hutsik badago, behintzat. Lehentasuna, baina, aurreko hiruhilekoetan ikastaroetan parte hartu ez dutenek izango dute.

Dortoka mailako ikastaroa martxoaren 29an hasiko da, eta aurreikuspena da ekainaren 18ra arte irautea. Udalaren arabera, COVID-19ari lotutako protokoloa dela-eta, astean behin baino ez dira saioak izango. Bazkideek 46,63 euro ordaindu beharko dituzte ikastaroa egiteko, eta bazkideak ez direnek, 79,83 euro.

Helduei zuzendutako ikastaroa apirilaren 3tik ekainaren 19ra arte izango da. Aurreko hiruhilekoan bezala, larunbatero egingo dituzte saioak, bi mailatan bereizita. Hasiberriak 09:30etik 12:30era arituko dira, eta "igerian hobetu nahi dutenen" txanda, aldiz, 08:00etatik 11:00etara izango da.

Gehienez sei pertsonako taldeak osatuko dituzte, eta hiru pertsonak erabiliko dute igerilekuko kale bakoitza. 51,45 euro balio du ikastaroak abonatuta daudenentzat, baina abonatuta ez daudenek 92,25 euro ordaindu beharko dituzte.