Kasu positiboek gora egin dute Zarautzen: sei zenbatu dituzte atzoko probetan

Andoni Elduaien 2021ko mar. 10a, 13:30

Aurreko bi egunekin alderatuta, bikoiztu egin da Zarautzen baieztatutako kasu berrien kopurua. Intzidentzia tasa gorantz doa, eta 115,65ekoa da gaur-gaurkoz.

Zarautzen gora egin du baieztatutako kasu berrien kopurua, bai eta 100.000 biztanleko hamalau egunetako tasa ere. Igandean eta astelehenean hiruna positibo atzeman ostean, atzo bikoiztu egin zen kopurua: sei emaitza positibo izan ziren. Hortaz, intzidentzia tasaren goranzko joerak bere horretan jarraitzen du: 94,23koa zen astelehenean, 102,8koa atzo, eta 115,65ekoa gaur.

Atzoko datuei erreparatuta, Zarautz izan da Urola Kostako herrien artean kasu gehien zenbatu dituzten lekua. Guztira hamalau kasu positibo hauteman ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eskualdean.

Azpeitian lau kasu positibo baieztatu zituzten atzo egindako probetan, eta han ere gora egin du intzidentzia tasak: 157,69koa da orain tasa. Zestoan, ostera, bi kasu positibo atzeman dituzte, eta eskualdeko intzidentzia tasarik handiena duen herria da, 462,25eko zenbatekoarekin. Orion eta Zumaian, aldiz, kasu positibo bana detektatu dute. Orion 163,08ko tasa dute, eta Zumaian 101,76koa. Eskualdeko gainerako herrietan ez dute kasu positiborik zenbatu atzo egindako probetan.

385 positibo

Hego Euskal Herrian herenegun egindako probetan baino kasu positibo bat gehiago zenbatu zuten atzo: 385 kasu positibo. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 8.274 test egin zituzten atzo, eta 335 positibo detektatu zituzten. Lurraldeen arabera, 173 kasu zenbatu zituzten Bizkaian, 107 Gipuzkoan eta 49 Araban. Era berean, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren sei pertsonari ere detektatu zioten positiboa. Positibotasun tasa %4koa izan zen atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, berriz, 2.295 proba egin zituzten, eta guztira 50 kasu baieztatu zituzten. Positibotasun tasa %2,2koa izan zen atzo han.

Ospitaleen egoerari ere egin dio aipamena Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak txostenean, eta jakinarazi du “COVID-19aren ondorioz” 31 pertsona ospitaleratu zituztela atzo. Gaur-gaurkoz 258 pertsona daude Osakidetzako erietxeetan ospitaleratuta; gorabehera batzuekin, baina kopuruak behera egiten jarraitzen du pixkanaka-pixkanaka. Zainketa Intentsiboen Unitatean edo ZIUn, ostera, 101 lagun daude egun. Halere, otsailaren 24az geroztik Osasun Sailak eman duen kopururik baxuena da atzokoa. Bestalde, Osasun Sailak jakinarazi du “COVID-19 tarteko” 40 hildako egon direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan martxoaren 1etik 7ra bitartean.