Hotz Zarautzek esnea bilduko du larunbatean, Lesbosko kanpalekura bidaltzeko

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mar. 10a, 15:30

Iazko urrian janari bilketa egin zuen Hotz Zarautzek.

Larunbat honetan izango da bilketa, eta bost bilketa-puntu egokituko ditu Hotz Zarautzek. Zaporeak elkarteak Kara Tepe esparruko pertsona errefuxiatuei helaraziko die batutako esnea.

Zaporeak elkarteak esne bilketa masiboa antolatu du Hego Euskal Herrian, probintziaka. Batutako esnea Lesbosko Kara Tepe larrialdi-esparruan bizi diren errefuxiatuei bidaliko die, azaldu duenez, "pertsona errefuxiatuen elikadura premiak areagotu" egin baitira azken hilabeteetan.

Larunbat honetan ekingo die aurreneko bilketei, hain zuzen, Gipuzkoan. Martxoaren 27an Araban jasoko dituzte esne tetrabrikak, apirilaren 10an Nafarroan eta apirilaren 24an Bizkaian. Datorren asteburuan Gipuzkoako bederatzi udalerritan izango dira esne bilketak: Aramaion, Aretxabaletan, Arrasaten, Beasainen, Donostian, Legazpin, Oñatin, Usurbilen eta Zarautzen. Zarautzen Hotz Zarautz arduratuko da bilketa aurrera eramateaz, eta larunbat osoan zehar jardungo du horretan. Esnea batzeaz gain, dirua ere jasoko dute boluntarioek.

Bost gune

Zarautzen bost bilketa-puntu prestatuko dituzte larunbatean, hala nola, Iñurritza Jubilatuen Elkartean, San Pelaioko Biyona dendan, Santa Marinako Eroskin, Lege Zaharren Enparantzako BMn eta Euromarreko BMn. Hotz Zarautzeko kideak egun osoan zehar izango dira gune horietan, eta azaldu dutenez, zehazki behi esne osoa jasoko dute, tetrabrik ontzietan. Iraungitze data epe luzekoa izatea ere garrantzitsua dela azpimarratu dute.

Zaporeakek jakinarazi du, bestalde, Lesbosko pertsona errefuxiatuei laguntzeko diru dohaintzak ere egin daitezkeela. Bizum bidez dirua helarazteko aukera badago, eta horretarako, Zaporeak profila bilatu beharko da Bizum aplikazioan (00435 da kodea). Banku transferentziak ere egin daitezke ondoko bi kontuetara: ES32 2095 5011 80 9115250322 (Kutxabank) edo ES71 3035 0103 88 1030035880 (Laboral Kutxa). 

Etenik gabeko larrialdia

Zaporeaken esanetan, COVID-19a eta Moriako sutea tarteko, egoera larriagotu egin da Kara Tepe errefuxiatuen esparruan. Hortaz, orain arte bezala kanpalekuetan otorduak prestatzeaz gain, lehorreko banaketak egiten hasiak dira elkarteko kideak. Gaur-gaurkoz, hilabetean behin banatzen dituzte elikagai sortak esparru horretako 7.200 pertsonaren artean. Aurrerantzean, astean behin helarazi nahi diete esnea eta fruta.