"Tik Tok aplikazioa gaitasunak erakusteko baliabide bat da"

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mar. 12a, 09:00

(Amaia Urbieta Arruti)

Umorezko bideo laburrak igotzen ditu sare sozialetara Julen Portillok (Zarautz, 1994), eta beste hainbat saltsatan ere badabil. Arrakasta lortu dute bere lanek, batez ere, Tik Tok aplikazioan.

Nolatan hasi zinen bideoak egiten?

Bideoak egiten hasi nintzen gitarra jotzen ikasi nuenean. Lagun batekin ikasi nuen, eta orduan ikusi nuen zeinen erraza zen lau akorde hartu eta reggaetoi doinu batekin euskaraz kantuak egitea. Lehen kantua duela bost urte igo nuen. Esan daiteke hasiera-hasiera hori izan zela.

Eta noiz hasi zinen umorezko bideoekin?

Ideia konfinamendua baino lehenagotik neukan, baina ez nintzen ausartzen. Konfinamenduan, denok bezala, aplikazio arraroak jaisten hasi nintzen, tartean Tik Tok, eta horra hasi nintzen bideoak igotzen. Instagramera ez nuen nahi igo, lotsa ematen zidalako. Geroago, ikusi nuen Tik Token jendeari gustatzen zitzaizkiola bideoak, eta hasi nintzen noizbehinka Instagramera ere igotzen. 

Ez zinela ausartzen esan duzu. Zergatik?

Betikoa, inguruan esango denagatik. Baina tira, azkenean, adinarekin ere ikasten da hori eramaten eta kudeatzen.  

Taldean ere aritu zara umorea egiten: Toldotxow taldearen esketxetan, Galdedebalde irratsaioan, Alproja antzerki taldean...

Bai. Gustatu egiten zait saltsa, antzerkian 11 urte daramatzat eta Galdedebalden hirugarren denboraldia egiten ari gara. Oso ezberdinak dira taldeko jarduera eta bakarkakoa. Galdedebalde, adibidez, bapateko zerbait da. Ateratzen zaizkigun txorakeriak eta gauza informalak botatzen ditugu. Bideoak gehiago pentsatzen ditut, pentsatzen dut jendeari gustatuko zaion edo ez, zer esan edo egin behar dudan...

Denbora asko eskaintzen al diezu bideoei?

Bai eta ez. Dinamika hartuta daukat grabatzeko, eta gutxi kostatzen zait. Konturatuta nago, gainera, denbora gutxian egiten ditudan bideoek arrakasta handiagoa dutela denbora gehiago eskaintzen diedanek baino. 

Nola definituko zenuke zure umorea?

Esango nuke umore erraza dela; mundu guztiak ulertzea daukana, nahiz eta euskaraz ez jakin. Askok ere ez, baina euskaraz ez dakiten batzuek esan didate bideoak ulertzen dituztela. Adibidez, nire aitak ez daki euskaraz eta bideo guztiak ikusten ditu, eta denak ez, baina gehienak ulertzen ditu.

Zenbateraino erreparatzen diozu jendearen gustuari umorea egiteko?

Berez askea da umorea, baina badakit zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Adibidez, badakit euskararen inguruko txisteek (aditzak, ahalera...) ondo funtzionatzen dutela. Jendea identifikatuta sentitzen da. Gai orokorragoak lantzen baditut, ordea, ez da oso urrutira iristen bideoa.

Nola azalduko zenioke ez dakien norbaiti zer den Tik Tok sare soziala?

Esaten da umeek bakarrik erabiltzen dutela, baina niri ez zait hori iruditzen. Ume askok erabiltzen dute, baina nik zuzenekoak egin izan ditudanean 20 urtetik gorako jendeak ere ikusi izan ditu. Esango nuke sormena lantzeko aplikazio bat dela. Jendeak uste du dantzak egiteko bakarrik dela, baina murgiltzen zarenean ikusten dituzu gaitasun asko lantzen dituzten erabiltzaileak.

Artista asko daude kantatzen dutenak, gitarra jotzen dutenak, umorea egiten dutenak... Gaitasunak erakusteko baliabide bat da. Gainera, Tik Tokek erabiltzen du formula bat oso ondo dagoena sortzaileentzat. Erabiltzaile denei bideo bat behintzat biralizatu egiten die. Horregatik, beti dago zure bideoren bat 10.000 edo 20.000 bisitatik gora dituena. Algoritmoen bidez egiten du hori, eta jendeari agertu egiten zaio behintzat zure bideo bat, hortaz, zabaltzeko aukera handia ematen dizu. Nik uste dut Tik Token denok lortu dugula lortutakoa horrela.

Ikusi zaitugu Barre librea telebista saioan ere. Zer moduzko esperientzia izan zen?

Oso ona. Oso lasai nengoen, platora sartu nintzen arte. Ezin izan genuen entseatu lehenago, eta zuzenean grabatzera sartu ginen. Dena oso ezberdin ikusten zen barrutik, lehenengo saiakeran apur bat galduta egon nintzen, baina bigarrenez egin nuenean jarraian eta ondo egin nuen. 

Ba al duzu erreferenterik umorea egiteko?

Ez nuke jakingo bakar bat esaten. Umoregile asko jarraitzen ditut eta asko gustatzen zaizkit, baina bereziki jarraitzen ditut Jorge Cremades eta Ruben Tonces. Oso umore absurdoa daukate. Hala ere, ez daukat inor erreferentetzat, edo hori uste dut behintzat.

Sare sozialak jende gazteangana iristeko modu eraginkorrenetako bat dira gaur egun. Nolako presentzia dauka euskarak?

Nik uste dut ez dela erabiltzen. Honetaz oso luze egon gaitezke hitz egiten, baina badago jende asko, edukia gazteleraz egiten duena, baina interesatzen zaion momentuan euskaraz egiten duena. Momentu zehatz batzuetan jendak ikusten du euskarak booma egin duela, eta denak euskaldunak dira eta euskaraz egiten dute.

Baina hori pasatzen den momentuan, denak bueltatzen dira gaztelera erabiltzera. Ekonomikoki gehiago tentatzen du gazteleraz egiteak. Euskaraz eginda ez duzu dirurik irabaziko, baina gazteleraz eginda dirua irabaztera iritsi zaitezke. Nik esango nuke postureo asko dagoela euskararekin.

Aurrerantzean zer asmo duzu?

Proiektu zehatzik ez dut, baina Twitchen (zuzeneko edukia egiteko plataforma) hasiko naiz zuzenekoak egiten. Ez dut ezer zehatzik pentsatu, baina uste dut bideoak ikusi eta komentatuko ditudala. Adibidez, Wazemank telebista saioaren bideoak eta halakoak. Oso informala izango da. Proiektu zehatzik ez dudan arren, gustatuko litzaidak bide hau jorratzen jarraitzea. Urte asko daramatzat honen atzetik, eta pausoa eman dudanez eta ikusi dudanez jendeari gustatzen zaiola (nahiz eta badakidan beste askori ezetz), helduko diot.