Asta Nielsen aktoreari buruz mintzatuko dira hurrengo Gela saioan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mar. 10a, 18:00

Aktore daniarra ezaguna da Die Suffragette filmean parte hartu izanagatik. Sufragisten inguruko lan bat da, eta Gela programako arduradunen esanetan, "oso interesgarria da gaur egungo ikuspuntutik aztertzeko".

Ostiral honetan ere tailer bat egingo dute Photomuseumen, kultur hedapenerako Gela programaren barruan. Asta Nielsen aktorea izango da aste honetako protagonista, hain zuzen, "zinemako lehen aktore handienetako bat" izan zena, Gela programa antolatzen dutenen arabera. Die Suffragette (1913) filmean hartu zuen parte, besteak beste.

"Filmak sufragistek borrokatzen duten arrazoia bidezkoa dela onartzen du. Baina, bestalde, jarrera kontserbadorea ere hartzen du", ohartarazi dute Gela programako arduradunek. Izan ere, ikus-entzunezkoak iradokitzen du "sufragistek erabiltzen zituzten bitartekoak" ez zirela "egokienak". "Die Suffragette oso lan interesgarria da gaur egungo ikuspuntutik aztertzeko", gaineratu dute.

Hori guztia izango dute aztergai, beraz, ostiralean. Ohi bezala, 18:00etan izango da saioa, doan.