Nagusilaneko boluntarioek bihar eta larunbatean ere banatuko dituzte elikagaiak

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mar. 11a, 17:30

Zarauzko 171 familiak hiruzpalau hilabetean behin jasotzen dituzte Gipuzkoako Elikagai Bankutik helarazitako elikagaiak. 2009an jarri zuten martxan programa.

Beharra duten ehunka lagunek hiruzpalau hilabetean behin jasotzen dituzte elikagaiak Aritzbatalde plazako 7. zenbakian. Hain zuzen, Zarauzko 171 familia (484 pertsona), Getariako 25 familia (84 pertsona) eta Aizarnazabalgo hamar familia (31 pertsona) bertaratzen dira Gipuzkoako Elikagai Bankuak Zarauzko Gizarte Zerbitzuei helarazitako elikagaiak hartzera.

Hilabete honetan, Nagusilaneko boluntarioek hiru egunetan banatuko dituzte elikagaiak; hain zuzen, gaur, bihar eta larunbatean. Bihar goizez nahiz arratsaldez izango dira banaketak, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etaa; larunbatean, aldiz, 10:00etatik 12:00etara baino ez dituzte egingo.

2009. urtean jarri zuten martxan programa: Europako Batasunak hiru edo lau hilabetean behin helarazten ditu elikagaiak lekuan leku, eta Gipuzkoaren kasuan, gero Gipuzkoako Elikagai Bankua arduratzen da programaren parte diren udalerrietara bidaltzeaz. Zarautzen 10.000 kilo janari banatuko dituzte egunotan.