Haurrei eta gurasoei zuzendutako mindfulness ikastaroa egingo dute hurrengo hilabeteetan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mar. 12a, 10:00

Zortzi saio izango dira: hiru gurasoentzat bakarrik, eta bost haurrentzat eta haien gurasoentzat. Danel Iñurritegik eskainiko du ikastaroa, apirilean hasi eta maiatza bukaerara arte.

Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuen prebentzio sailak ikastaro berri bat antolatu du. Mindfulness lantzeko ikastaroa izango da, baina ezohiko moduan: 6-10 urte arteko haurrei eta haien gurasoei zuzendutako saioak eskainiko ditu Danel Iñurritegi mindfulness irakasleak. Zortzi saio egingo ditu guztira: horietako hirutan gurasoak soilik egongo dira, eta gainontzeko bostetan haurrek eta haien gurasoek hartuko dute parte, elkarrekin.

Gurasoei bakarrik bideratutako saioetan bi lerro nagusi jorratuko ditu Iñurritegik; hain zuzen, "mindfulness kontzeptua" lantzea eta "gurasoei tresnak eskuratzen" laguntzea, "mundu frenetiko honetan bakea aurkitzen laguntzeko". Beste bost saioetan, ordea, haurrak egongo dira erdigunean: "haurrekin arreta lantzeko ariketak" egingo dituzte, baita gurasoen eta haien seme-alaben arteko "erlazioa sendotzeko tresnak" garatzeko jarduerak ere.

Izen-ematea, martxoaren 29ra arte

Apirilaren 12an, 19an eta 26an izango dira aurreneko hiru saioak, gurasoei zuzendutakoak. Ordu eta erdiko iraupena izango dute. Maiatzaren 3an, 10ean, 17an, 24an eta 31n, aldiz, haurrek parte hartzeko saioak egingo dituzte. Ordubeteko saioak izango dira horiek. Gaztelekuan eskainiko dira saio guztiak, eta hamar euro ordaindu beharko dira matrikula egiteko.

Irekita dago ikastarorako izen-ematea, baina martxoaren 29a izango da izena emateko azkeneko eguna. Helbide elektroniko hau erabil daiteke inskripzioa egiteko: prebentzioa@zarautz.eus